Beñardo
Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Eskerrak oraindik existitzen diren nire lagun Beñardo bezalako pertsonak. Musikazale amorratua izaki, edozein unetan bilduma zaletasun infekziosoenaren menpe gertatzeko zorian, bere osasuna, denbora, gogoa, dirua eta batez ere jakinduria musu-truk zabaldu eta partekatzeko prest agertzen direnak. Musika onaren misiolari nekaezin honek 10 wikipedia osatzeko moduko informazioa du munduko talderik eta musikaririk arraroenen inguruan, eta harritzekoa, ez du berarentzat gordetzen, plazerra besteekin partekatzean plazerrago dela badaki-eta.
Eskuzabala da oso Beñardo, edozein ahalegin egingo luke, bere ustez, bere lagunen baten gustuetara hurbil daitekeen kantu, talde, disko edota musikariren bat ezagutarazteko. Hanka-hutsik etorri bere etxetik euri erauntsiaren erdian eta guardasolik gabe. Gaztetan kaseteak grabatu eta errotuladorez azalak margotzen orduak ematen zituen horietakoa da. Teknologiak aurrera egin ahala CDak grabatzeari ekin zion, kostatu zitzaion, ordea, lehen ordenagailua eskuratzea. Ez dakit esan dizuedan, baina oso erromantikoa da Beñardo eta ez ditu inoiz maite izan teknologiaren hoztasun eta perfekzioak.
Gaur egun musika digitalak alde guztietatik, egoera eta modu guztietan, gainezka egiten duen honetan, eskerrak Beñardok, artisauaren duintasunari eusten dion. Ez ditu nolanahiko bildumak prestatzen, dena txukun-txukun, izenak, kantuak, koloreak. Hark prestatutako edozein diskotan sumatzen zaio musikari dion errespetu eta maitasuna. Eta haren lagun izanda, opari musikal horiek jasotzeko plazerra dugunok beti estimatuko diogu gure musika zaletasuna elikatzeko hartutako lana. Guraso arduratsuen moduan zenbat gau ez ote ditu eman esna Beñardok bere inguruaren musikazaletasuna zaintzen?
Tristatu egin ninduen, lehengoan pendrive-a eskutan etorri zitzaidanean. Bihotza irauli eta hutsune handia sumatu nuen nire baitan. Halako garaiak tokatu zaizkigu. Abinz! Lehen kassetak eta biniloak banan-banan, eskuz esku, ibiltzen genituen, askotan merezi ez zuten moduan gainera, gure baitako zerbait bihurtzen genituen, batzuk gurtzeraino. Orain diskoak hamarnaka pasatzen dizkiogu elkarri eta ez dugu denborarik hainbeste musika entzuteko, egun osoa aparailu elektronikoren baten alboan ematen badugu ere.
Baina, to, gure Beñardo beti bezain dotore, beti bezain fin, ez zuen pendrive-a bete, edozein modutara bete, ez, ez, ez, disko gutxi batzuk zeuden eskutara ekarritako «harkatz» hartan. Betiko moduan, irizpide bikainarekin eta erabiltzailearen gustuen arabera antolatuta zeuden. Karpetetan txukun-txukun jasoak, talde, disko eta kantu izenak idatziak. Erraz topatzeko moduan baina, era berean, logika musikal sendoaz antolatutako disko bikainen bilduma zen hura. Zorionez, eMule-ren erraztasun hanpatzaileak ez du gure Beñardoren nortasuna irentsi. Errotuladorea bai, akabo, baina ez penatu, horren ordez asko zorroztu ditu Beñardok musika bilduma eskutara ematerakoan zabaltzen duen azalpen sorta ikusgarria; «honek folk, pop, surf eta garage musikaren eraginak dizkik, 60ko hamarkadako gitarrak eta Japoniako danborrak...».
Gora Beñardo eta haren moduan musikazaletasuna zaintzen bizitza ematen dutenak!!
Jaialdirako sarrerak salgai dira, Internetez «www.ehz-festibala.com»-en zein Heletako txarteldegian. Hiru eguneko bonoak 51 euro balio du, gaur eta biharko sarrera solteek, 26 euro eta, igandekoak, berriz, 18 euro.
Jaialdira gerturatzeko, bost autobus ibilbide antolatu dira Biarritze, Hendaia, Maule, Hernani eta Iruñetik Heletara («www.basque-bondissant.com» atarian ikusgai).
Arberoa eskualdeko herri baxenabartarra da Heleta. Seirehun biztanle inguru ditu, laborantza dute jarduera nagusi eta EHZ jaialdian parte hartu eta laguntzeko prest izango dira.
Heletako pentze gozoenean paratutako bi kanpalekuetan (sarrera doakoa da) komunak, dutxak, eta herriko elkarteek prestaturiko gosaria hartzeko aukera izango da.