GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Koldo Izagirre Idazlea

«Garçon!»

Egun horretan Tolosaraino joan behar zuen lagun bat bisitatzera, lana amaitutakoan. Bestenaz ez zukeen geltokia zapalduko. Xantzarik ez: azaldu egin ziren, eta bera bildu zuten aulkietan etzanda zeuden alderrai eskale mozkorrei jaramonik egin gabe.

«Zer duzu hor, zakuan?».

Hori gero ulertu zuen, frantsesez ez zekiela jabetuta gaztelaniaz egin ziotenean. Motxila ireki eta zer ikusiko zuten, laneko arropa zikina. Hasiera zen, jakina, paperak eskatu zizkioten ondoren. Xantzarik ez. Komisaldegira joan beharko zuela, gurekin etorri alegia. Ez zioten bestelakorik egin, atzamarretakoa egin zioten. Hurrengo goizean mugaraino eraman zuten autoan, guardia zibilen esku utzi zuten.

«Zer egin diezu frantses horiei?».

Hendaian langile, Florentino Perez enpresari espainiarraren obra gaitz batean. Bizi, Irunen. Tolosara joan nahi izan zuen, horregatik geltokian. Paperik ez, nikaraguarra izaki eta urte bi bakarrik oraino Estatu espainiarrean.

Globalizazioaren eredua da, baiki: ez Nikaragua ez Espainia ez Frantzia daude Arturoz kezkatzeko.

Frantziako hiri polit batean geunden bilduak asteburuz zenbait idazle, sorkuntzaren eta itzulpenaren ingurukoak eztabaidatzeko. Bazen gurekin espainiar jator bat, euskaldunokin nahiago zuena. Nafarra zen jaiotzez, eta bizkaitarrak maite omen zituen, ez nafarrak. Halako batean dei egin zion zerbitzariari, atzamarrak kriskitin, film zaharretan iduri.

«Garçon!».

Jukutria bat izan zen, gu zirikatzeko pantomima...

«Garçon asko behar lituzke munduak, ez duzue uste?».

Elkarri behatu genion euskal idazleok, «Badugu orain ere!» esanez bezala.

«Nik uste dut, ez dakit zuek, nik uste dut euskaldun eta demokrata izatea ez dela, nola zen hura, Unamunok «El Pensamiento Navarro»-rengatik esaten zuena... ez dela contradictio in terminis horietarik bat».

Alegia, justizia interes politikoen arabera zerabilen epailearen lana miretsi ez ezik, demokraziaren bermetzat eduki behar genukeela guk ere, euskaldunak izan arren demokratak ere ba omen ginenok, edo izan gintezkeenok, edo euskaldun izaten jarraituz gero, sekula izanen ez garenok, auskalo zer adierazi nahi zigun zipokari hark funtsean.

Bidea zeukan Hazparnera, bestenaz lagunekin geratuko zen oraino beste ordu pare bat. Xantzarik ez: lau autotarik jalgita azaldu zitzaizkion, plakak eta paperak erakutsi zizkioten hantxe, Abadiñoko Eroski saltegiaren aparkalekuan.

«Garzon epailearen agindua da».

Autoa Poliziaren ardurapean geratu zuten, beraien banalizatu batean eraman zuten. Komisaldegira lehenik. Xantzarik ez, zernahi erabiltzen ahal zuen Garzonek salaketan. Hurrengo goizean Madrilen zen, epaile ospetsuaren aitzinean.

«Nori pasatzen dizkiozu Udalbiltzako bileretako aktak?».

Zinegotzia izana zen Hazparnen. Bazuen harremanik Ameriketan erbesteratuekin. Hain zuzen, Internazionalista Eguna ospatzera zen etorria Abadiñora. Udalbiltzaren erroak Iparraldean hedatzeko, bazeukan esperientzia poxi bat.

Ezin izan zuen abokatuarekin deklaratu.

Udalbiltza legezkoa zen oraino Frantzian, eta bera herritar frantsesa zen.

Futitzen zen Frantzia Xarlo Etxezaharretaz! Soto del Real-eko presondegira igorri zuen Garzonek. Frantziak legezkotzat zeukan erakunde bateko partaide izatea egozten zion Espainiak. Terrorista, ustel hadi.

Arturo sasian dabil, hirugarrenez atxilotzen badute egotzi eginen dute Europatik. Xarlo ez da epaiketan azalduko. Baina Florentino Perez guztien ontasunari esker eskuratzen ahal ditu euro batzuk, nikaraguar gazteak. Aski du Soto del Realen pairatu behar izan zituenekin, Xarlok eta bere familiak Frantziako Enbaxadara eginiko eskeak oro erantzunik gabe geratu ziren. Muga iragan behar dutenerako, mila eta bat prekozione dituzte ikasiak biek. Hendaian langile, Irunen paperbako. Hazparnen legezko, Abadiñon terrorista.

Garzon kendu egin dute, baina mutil asko ditu demokraziak. Kriskitin bat aski, legea politika bihurtzeko.

Niri, zinikoena, Udalbiltza auzira begiraleak igortzea egiten zait.

Euskal Herriko hautetsien ganberarik nahi ez duten berberek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo