GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gurutz Garmendia Ondarroa-Azkoitia

Hau baldin bada demokrazia, bota dezagun errekara

Demokraziaren seme-alabak omen gara eta ondorioz ondo ezagutzen dugu, gure agintari txit gorenek ezarritako egitura politikoa. Handi-mandi potrozorri, nazkagarri eta jan-txakurrak dira nonahi nagusi eta txikiak erabat zapaldurik gaude. Piramidearen goiko egituran daude eurak eta goitik behera botatako hari zikinen bidez, dena edo ia dena kontrolatzen dute. Eurek daukate dirua eta boterea eta herriak aukeratutako ordezkariak, haien eskuetan dauden txorimaloak besterik ez dira.

Banka handi lapurreteroak porrot egin duenean, guri dirua harrapatu eta eurei eman diete, baina langilearen etxeak porrot egindakoan izorra hadi, bost axola. Eliza kristau katolikoko apaiz txit gorenek ume koitaduak behin eta berriro bortxatzen badituzte ere, lasai ez da ezer ere gertatzen, bost axola. Bost inporta Praileaitz deuseztatzea, tren azkar zikin horrek gure baso eta mendiak txikitzea edo Allerin porlana botatzea, peneuvistak eta Amenabarrekoak ere piramidearen gailurrean baitaude. Bost axola gure baserria hilzorian egotea eta arrantza azkenetan. Globalizazioa omen da behar duguna eta bertako produktuak baino, nahiago dira popa etxetik ekarritako jangai kimiko transgenikoak.

Gaur egun Internetik ez daukana ez da inor eta telefono mugikor gabe ezin zaitezke inora ere joan. Mila eta bat behar sortu dizkigute eta orain beldurturik gabiltza denera iristen ez garelako eta agian bihar bertan lanetik bota egingo gaituztelako. Beldurra da nagusi nonahi eta horixe da euren estrategia gu denok isilik mantentzeko. Ondo dakite piramide gaineko potrozorriek, beldurrak paralizatu egiten duela eta horrexen bila dabiltza.

Baina agian eta, hobeto esanda, agian gabe, gehiegi gutxiesten gaituzte. Piramide gaineko jan-txakur nazkagarriei ahaztu egin zaie euskaldunak libre garela izatez eta horregatik denok berdinak garela «ni tiranos ni esclavos» esaten zen «Amalur» pelikula handian, eta halaxe da. Euskaldunak berdinen artean bizi izan gara historikoki eta beste lurralde batzuetan ez bezala, emakumeak izan duen garrantzia itzela izan da betidanik gure gizartean.

Ama Lurraren jarraibideak jarraitzen dituzten herriak, berdinzale eta jakintsuak izaten dira eta geurea ere halaxe da jatorriz. Geureak berdinen arteko batzarrak dira eta gainera arbola baten inguruan. Milaka urtetan metatutako jakituria, ez da ez ahuntzaren gaueko eztula eta bestelakorik pentsatzen duena oso oker dabil. Dagoeneko soberan jo digute adarra handi mandi nazkagarriek eta gauzak bere onera ekartzeko ordua da. Aro berria dator, jatorrizko herri berdinzaleena hain zuzen ere. Gora matxinadak eta gora iraultza txiki eta handiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo