Europako Batzordeak Bizkaiko Golkoan antxoaren harrapaketa bikoiztea proposatu du
Hilabete honetan hasi eta 2011ko ekainean bukatuko den arrantza kanpainan 15.600 tona antxoa harrapatzeko aukera ireki du Europako Batzordeak. Ministroek proposamena onartzea da hurrengo pausoa.GARA | BRUSELA
Europako Batzordeak Bizkaiko Golkoan antxoa harrapaketa 15.600 tonara handitzea proposatu du, hilabete honetan bertan hasi eta 2011ko ekainaren 30era arte iraungo duen arrantza aldirako. Erabakia txosten zientifikoek stock-a «egoera onean» eta segurtasunerako muga biologikoen barruan dagoela baieztatu izanak ekarri du.
Hain zuzen, Bruselak proposatu du 2010eko uztailaren 1etik -duela astebete- 2011ko ekainaren 30era 15.600 tona arrantzatzea baimentzea, hau da, zenbatutako biomasaren %30. Hala ere, behin betiko kuota «eguneratu» eta alda litekeela ohartarazi du, zientzialarien nazioarteko batzordeek antxoaren berreskurapenaren gaineko datuak baieztatzen dituzten heinean. Gainera, kuotaren ohiko banaketa mantendu du proposamenean: %90 Estatu espainoleko ontzientzat eta %10 Estatu frantsesekoentzat.
Europar Batasuneko kideek joan den abenduan baimendu zuten berriro Kantauriko antxoaren arrantza. Orduan, 7.000 tonakoa zen gehienez harrapatu zitekeen behin-behineko kopurua, udaberri honetako datu zientifikoek baldintzatuta.
Bruselak azken txostenetan oinarriturik proposatu du kuota handitzea. Izan ere, azken txosten zientifikoen arabera, «stock-a egoera onean eta segurtasunerako muga biologikoen gainetik dago», EBko iturri jakinarazi dutenez.
Kuotaren handitzea gaur bertan 27 herrialdetako adituek eztabaidatuko dutela iragarri zuten iturri ofizialek, EBko ministroen hurrengo bileran honen gaineko erabakia har dezaten. Nekazaritza eta Arrantza ministroek datorren astelehenean izango dute bilera Bruselan.
Arrantzaleak, pozarren
Berria jakin eta berehala, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek albiste pozgarria dela adierazi zuten. Hala, Iñaki Zabaleta Bizkaiko Kofradien Federazioko presidenteak berri «zoragarritzat» jo zuen txostenek biomasa handitu dela baieztatu dutela jakitea, eta EBko ministroek proposamena onartuko duten itxaropena agertu zuen.
Gipuzkoako ordezkari Leandro Azkuek, bestalde, aipatu zuen datu horiek bat datozela arrantzaleek udaberrian itsasoan ikusi dutenarekin. Berak ere atzo iragarritako «oso berri ona» dela esan zuen.