GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Nafarroako finala

Unai Bertiz da txapela lortzeko faborito nagusia

Aizkolariak eta lasto-altxatzaileak ere arituko dira gaur Iruñeko Foruen plazan.

p034_f02.jpg

Jon LEUNDA

Gaur hasi eta uztailaren 14ra bitartean egunero izango dira herri kirol saioak Iruñeko Foruen plazan, 12.00etan hasita. Horietako saio askotan, gainera, herrialdeko txapelak erabakitzeko baliatuko dira jaialdiak.

Egitaraua, gainera, final garrantzitsu batekin hasiko da, herrialdeko harri-jasotze txapelketa jokatuko baita hastapeneko egun honetan. Urrutia, Igoa, Bertiz eta Ariztegi neurtuko dira nor baino nor. Harri-jasotzaile bakoitzak 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola erabiliko ditu, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutu izango ditu. Bertiz da egungo txapelduna, eta bera da gaurkoa irabazteko faborito nagusia ere.

Gaur, herrialdeko hirugarren mailako aizkolarien kanporaketa ere jokatuko da. Resano, Kastro, Pellejero, Beltza, Indakoetxea, Pikabea, Loiarte, E. Saralegi, Eraso, Vazquez, Goñi eta Riaño lehiatuko dira. Bakoitzak bi kana-erdiko moztu beharko ditu, eta lehen bostak sailkatuko dira finalera.

Aipatutako bi saioez gain, Nafarroako lasto-altxatze txapelketa ere jokatuko da gaurkoan. Telletxea, C. Sein, X. Sein eta Bereau neurtuko dira. 45 kiloko lasto fardoarekin arituko dira lanean, eta bakoitzak bi minutuko txanda bat izango du.

Jaialdiek eta txapelketek aurrera egingo dute, eta bihar ere izango dira. Trontzak hartuko du biharko protagonismo nagusia, Barberena anaiak faborito direla jokatuko baita Nafarroako finala. Kadete mailakoa ere jokatuko da, eta Bikondoaren erakustaldia ere izango da.

Larunbatean, herrialdeko lasto-altxatze txapelketa jokatuko da, eta finala beste erakustaldi batzuekin uztartuko dute.

Igandean, urteroko legez, Nafarroako binakako aizkolarien finala jokatuko da. Nazabal-Barberena, Larretxea-Senosiain I.a eta Lopez-Mindegia izango dira txapelaren lehian arituko diren aizkolariak. Gainera, emakumezkoen txinga lehiaketa ere jokatuko da.

Astelehenean, San Fermin Motozerra Txapelketa jokatuko da, beste erakustaldi batzuekin uztartuta. Asteartean, berriz, erakustaldiak izango dira. Tartean Mindegia eta Lopez kanako enborra mozten arituko dira, eta emakumezko aizkolariak ere lehiatuko dira. Azkeneko egunean bi erakustaldi egingo dira, bata aizkorarekin eta bestea motozerrarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo