Erritu eta ohitura zaharrak aztergai Errobiko Festibalean
Ainize BUTRON | BAIONA
Besta eta ohidurak goraipatuko ditu ondoko uztailaren 22tik 25era Itsasun iraganen den Errobi festibalak. «Kantua» gaiarekin jarraituz, munduko kultura ezberdinetako erritu eta usadioak ezagutzeko aukera emanen dute. Euskal Herriarekin hasiz, Reunion uharteko erritmoak, Brasilgo ipar-mendebaldeko musikak, Andaluziako flamenko doinuak eta Argentinako tango dantzak azalduz joanen dira.
Kantua bizi-iturria dela eta «bestak eta errituek gizartean premiazkoak» direla adierazi zuen Beñat Acharyk. Jaialdia, izan ere, uztailaren 22an abiatuko da «Besta eta ohidurak, kantua biziaren iturri» mintzaldiarekin. Jean Michel Bedaxagar, Xabier Itzaina, Claude Labat eta, bereziki Daniel Waro izanen dira bertan. Azken hori da, aurtengo gonbidatu nagusia. Reunion uhartean sortua, Warok gaztetatik ezagutu zuen maloya musika mota. Urte luzetan debekatua, maloya 80ko hamarkadan berreskuratzen hasi zen, eta lekuko nortasuna aldarrikatzeko erabili izan da. Waro olerkari eta musikaria maloyaren ordezkari nagusienetariko bat da gaur egun uhartean. Itsasun Afrika eta Madagaskarreko errituak biltzen dituen maloya erritmoez gain, larunbatean «Sumendiaren izerdia» izeneko kontzertu gaualdian Beñat Achiary eta Philippe de Ezcurraren trikitilaria arituko dira. Horretatik at, hitzorduak anitzak izanen dira jaialdiak iraunen duen egunetan, inprobisazio eta ikusgarriak tarteko.
Uztailaren 22ko lehen gaualdian, herriko plazan Marc Vella piano-jotzaile ibiltaria eta Beñat Achiary bilduko dira «dantza... kanta zure bizia» ikusgarrian. Horiekin batera, Pedro Pauwels dantzari belgikarrak Anne-Marie Reynaud omenduko du, eta, horren ondotik, Brasiletik etorritako Rita Macedo kantaria, Jairo Rodriguez perkusionista eta Flautins Matua taldeaz gozatzeko aukera izanen da. Uztailaren 23ko «amodioen dantza» gaualdian tangoa eta flamenkoa izanen dira nagusi.
Artista askotarikoak
Festibala estilo guztietako artisten bilgune izango da. Goizean hitzaldiak, eta, ondotik, haur eta helduentzako ibilaldi musikatuak, pilota partidak eta «loaldi musikalak» izanen dira, besteak beste.
Munduko musika eta kantuak nahasiko dituzten ikusgarri laburrak izango dira tarte horietan. Fawzi Berger perkusionista kurdua, Biarritzeko Balleteko dantzariak, Mohamed Boudjallak eta Fereydoun iraniarrak, Marc Lafaurie, Michel Ducau, Jean Yves Roques idazlea eta Gorka Echarri. Azken horrek makil dantzaren borroka emanaldia eskainiko du Mestre Pedrinho capoeira egilea, Fawzi Berger perkusionista eta Adnane Bahammou berimbao egilearekin.
Sanoki gelan Anne-Marie Bologna-Jeannouren bideo instalazioak eta Jean-Claude Barboff margolariaren obrak ere izanen dira ikusgai.