GARA > Idatzia > Euskal Herria

San Fermín 2010

Oraindik ere justizia egin ez dela gogoratu dute Germanen omenaldian

Urtero bezala, uztailaren 8a heltzearekin batera, ehunka lagunek alde batera utzi zuten atzokoan jaia German Rodriguezen omenezko oroitarrira hurbiltzeko. 1978ko sanferminetatik 32 urte pasa direnean, egiaren, justiziaren eta ordainaren aldeko aldarrikapenak bizirik dirauela nabarmendu zuten hiru belaunaldi ezberdineko kide banak. Horrekin batera, UPNko eta PSNko udal taldeek Egiaren Batzordea sortzearen aldeko mozioa atzera bota izana salatu zuten.

pf02_f02_250x164.jpg

Martxelo DIAZ |

32 urte. Bizi oso bat. Hori da 1978ko sanferminetatik pasa den denbora eta egia, justizia eta ordainaren aldarrikapenak bizirik segitzen du oraindik ere. Urtero bezala, ehunka lagun bildu ziren uztailaren 8a heltzearekin batera Iruñeko Orreaga etorbidean German Rodriguez zenaren omenezko oroitarriaren aurrean. Germanekin batera, Donostiako Joseba Barandiaran ere ekarri zuten gogora «Herriak ez du barkatuko» oihukatuz.

Ekitaldian hitza hartu zuen Miren Egañak nabarmendu zuenez, atzoko egunean ospatzeko bi gauza eta salatzeko beste bat zeuden. Ospatzekoen artean lehena, Iruñeko alkate Yolanda Barcinak peñetako pankarten margolarien aurka bultzatutako salaketa bertan behera gelditu dela. Horrekin batera, azken bi urteotan ez bezala, Liga Komunista Iraultzailean (LKI) German Rodriguezen burkide izan zen Patxi Urrutia ezker abertzaleko kideak atzokoan Iruñean izateko aukera izan zuela ere ospatu zuten; espetxetik irten berria da.

Salatu beharrekoen artean, Iruñeko Udaleko UPNko eta PSNko taldeek peñetako 50 presidente eta presidente ohiek aurkeztutako mozioa atzera bota dutela. Bertan, 1978ko sanferminetan jazotakoa ikertzeko Egiaren Batzordea sortzea eskatzen zen. «Erabaki horrek ez gaitu geldituko. Batzuek errepikakorrak garela diote. Noski garela errepikakorrak! Eta justizia egiten ez den bitartean errepikakorrak izaten jarraituko dugu», nabarmendu zuen Egañak.

Ekitaldian musikak ere izan zuen tartea. Fermin Valencia kantariarekin eta Jarauta 69 txarangarekin batera, Burlatako Indecen-Ez rock taldea aritu zen, German Rodriguezen omenaldirako espresuki prestatu dituzten bi abesti eskainiz. Valenciak eta Jarauta 69k, berriz, «Hilarria» kanta jo zuten. Dantzariek, azkenik, aurreskua dantzatu zuten.

Hiru belaunaldi ezberdineko ordezkari banak ere hitz egin zuten 1978ko gertakarien inguruan. Horietako lehena, Patxi, Germanen burkidea. «Joseba eta German bezala 1950eko eta 1960ko hamarkadetan jaio eta pairatzen genuen diktadura salatzea erabaki genuenontzat, borroka hori gure bizi arrazoi nagusi bihurtu zen. Horrela, 1970eko hamarkadako borroken lekuko izateko aukera izan genuen. Borroka horiek gauza bat erakutsi zuten: errepresio sistema sofistikatu, itzel eta luzeenak ere ezin du herri baten askatasun egarria ito», nabarmendu zuen Patxik ustezko trantsizioaren azpijokoak salatu aurretik.

1980ko eta 1990eko hamarkadetako gazteen izenean hitz egin zuen Idoiak, intsumisioaren aldeko borrokak ekarri zituen gogora. «NATOn sartu gintuzten, nahiz eta herri honek aurkako jarrera argia azaldu zuen. Intsumisioaren alde egiteagatik espetxeak ezagutu genituen. Soldaduska bertan behera uztea lortu bagenuen ere, oraindik ere gastu militarrek hor diraute. Irurtzun-Andoain autobidea, Arangurengo zabortegia, Itoizko urtegia... bezalako azpiegitura itzelen aurka borrokatzea erabaki zutenak, txikitu egin zituzten. Kapitalaren erakunde handietan ere sartu gintuzten».

Azkenik, Carmenek hartu zuen hitza egungo gazteen izenean. Demokrazia batean bizi garela saldu digutela baina ezarritako muga estuetatik ateratzen denari egurra ematen diotela salatu zuen. Aurreko bi hizlariek bezala, Germanen borrokarekin bat egin eta egun duen gaurkotasuna aldarrikatu zuen.

«errepikakorrak»

«Batzuek errepikakorrak garela diote. Noski errepikakorrak garela! Eta justizia egiten ez den bitartean errepikakorrak izaten jarraituko dugu», nabarmendu zuen Miren Egañak.

bazkaria

Euskal Herri osoko preso ohiek urteroko sanferminetako herri bazkaria izan zuten Berriozarreko frontoian, Etxerat elkarteak antolaturik.

beroa

Egun osoan zehar egin zuen beroak ez zituen Germanen omenaldira hurbildu zirenak izutu. Bertan, bero atmosferikoaz gain, elkartasun beroa izan zen nagusi.

manifestazioa

Atzoko zezenketaren ostean, manifestazioa egin zuten peñetako kideek Iruñeko Alde Zaharreko karriketatik German Rodriguezen heriotza salatu eta justizia eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo