GARA > Idatzia > Mundua

Honduras nazioartean berriz onartzea denbora kontua dela dio Washingtonek

AEBetako Latinoamerikarako Estatu idazkariorde Arturo Valenzuelak esan duenez, Honduras Amerikako Estatuen Erakundera itzultzea denbora kontua baino ez da. Iazko ekainean jazotako Zelayaren aurkako estatu kolpeaz geroztik eragotzi zaio parte hartzea Hondurasi.

GARA

Honduras Amerikako Estatuen Erakundera itzul dadin «aurrerapausoak» ema direla eta «denbora kontua» baino ez dela ziurtatu zuen atzo AEBetako Latinoamerikarako Estatu idazkari ondoko Arturo Valenzuelak.

Funtzionario estatubatuarrak gezurtatu egin zuen eskualdean Honduras AEEra itzultzearen aurkako jarrera orokorra denik, eta herrialde asko itzulera hori zein modutan gauzatu daitekeen aztertzen ari direla jakinarazi zuen.

Haren iritziz, jarrera positibo horren adierazgarri argia izan zen joan den ekainean Liman egin zen AEEren 40. batzar nagusia. Orduan, erakundeko kantzilerrek Hondurasen balizko itzulera ahalbidetuko luketen baldintzak aztertzeko batzorde bat eratzeko ardura utzi zioten Jose Miguel Insulza idazkari nagusiari.

AEEko iturriek aipatu batzordea lanean ari dela ziurtatu zuten, baina eztabaida ez zapuzteko, adierazpenak egiteari uko egin zioten. Esan zutenez, Peruk, Ekuadorrek, AEBek, Kanadak, Mexikok eta Jamaikak osatzen dute lan taldea.

Batzorde horren helburua Honduras amerika-arteko erakundera hainbat arinen itzultzea da. Manuel Zelayaren aurkako estatu kolpearen ondorioz kaleratu zuten Honduras, 2009an.

Bidaia misteriotsua

AEEko batzordea lanean ari delarik, asteartean ezagutzera eman zen Hondurasko jarduneko presidente Porfirio Lobok Amerikako Estatu Batuetara bidaia egin zuela. Publiko egin bezain pronto, Hondurasko prentsak hainbat hipotesi plazaratu zituen, zer nolako bidaia zen argitu ez zelako eta, gainera, Gobernuko ordezkariak ere ez ziren ados jarri bidaia egiteko arrazoiak «pertsonalak» edota «nazionalak» ziren.

Lobo astelehenean abiatu zen Miamira eta atzo zen itzultzekoa, Miguel Angel Bonilla Komunikazio ministroak emandako informazioaren arabera. «Kontu pertsonal» bat izan zela argitu zuen.

Aitzitik, Mario Canahuati kantzilerrak bertako hedabideei eginiko adierazpenetan esan zuenez, «joan-etorri azkar bat izan da, zain zituen kontu oso garrantzitsuetarako, gai nazionalekin zerikusia dutenak».

Porfirio Lobok berak uko egin zion komunkabideen aurrean bidaiaren zergatia azaltzeari, eta Bonillak esan zuen ez direla informazioa ezkutatzen ari.

Hala eta guztiz ere, bai Bonillak bai Canahuatik esan zuten litekeena dela Lobok berak, Tegucigalpara itzulitakoan, bidaiaren inguruan egoki ikusten dituen zehaztasunak ematea.

BATZARRA

Honduras berriz ere AEEn onartzeko baldintzak aztertzen ari den batzordeko kideak atzo ziren biltzekoak herrialde horretako Gobernuko zein Zelayaren Gobernuko kideekin. Batzarra Washingtonen egitea zuten asmoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo