GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Aparkalekuko komeriak

Oporraldia eta harekin batera aparkatzeko komeriak hasita, ezin dut burutik kendu sanferminen hasieran Yolanda Barcinak esan zuena, giroa hobetuz joan dela eta desadostasunak aparkatzeko gauza izan direla, hain zuzen.

Iruñeko peñek Barcinak gustuko ez dituen pankartak ateratzen badituzte, horra aparkatu beharreko desadostasuna. Ikurrina dela desadostasuna? Aparkatu eta kito, eta baten batek erakutsi nahi badu, haren buruan udaltzainen borra aparkatu. Txosnak ere desadostasun motibo nabarmena ziren. Iruindar askori jaietan ezinbestekoak iruditzen zaizkio, baina UPNk eta PSNk gustuko ez badituzte, aparkatzeko tramankuluak baino ez dira. Jaien ereduaz den bezainbatean ere desadostasunak izaten dira. Herritarrek, oro har, jaiak parte hartuz bizitzeko aukera begi onez ikusten bide dute, baina herritarrak, behin botoa emanda, ez dira inor ezer adosteko; hortaz, herri jaiak ere hobeto daude aparkatuta, adostasun demokratikoaren hobe beharrez. Bada beste elementu bat desadostasun handia eragiten duena: euskara. Iruñean euskaldun ugari daude, beste askok beren seme-alabak euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten nahi dute, eta beste askok, besterik gabe, euskara nonahi, baita jaietako programazio ofizialean ere, izatea nahi dute. Bada, ez zaiteztela arduratu, lagun, Barcinak oso konponbide erraza baitu horretarako ere, bere aparkalekua erraldoia baita eta denok gaude ados Iruñean askoz egokiagoa dela Manolo Escobar, esate baterako, Erramun Martikorena nafarra baino.

Hala ere, egingo nuke bat baino gehiago ez dagoela ados desadostasunak aparkatzeko moduarekin. Izan ere, Francok ere desadostasunak aparkatzen dohain berezia zuen eta gehienok ados geunden hura ez zela demokrazia. Desadostasunak aparkatuta, «batzen gaituena bilatzeko gauza izan gara», esan zuen, halaber, Barcinak. Argi dago zerk batzen dituen: piper-potoak, la Roja-k, monarkiak... betiereko balioak, alegia, bereziki burtsakoak.

Euskal ezker independentista ere badabil batzen duenaren bila, eta urratsak egiten hasia da. Gaur Donostian izango den manifestazioa beste bat izango da indarrak batzeko autodeterminazioaren bidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo