GARA > Idatzia > Ekonomia

ELAk eta LABek hainbat ekimen egingo dituzte metalaren egoera ezagutarazteko

p027_f01_138x100.jpg

GARA

ELAk eta LABek hainbat ekimen egingo dituzte heldu den astean Gipuzkoako metalaren sektoreak bizi duen egoera ezagutarazi eta beren hausnarketa hedatzeko. Horien artean, astelehenean bertan elkarretaratzea egingo dute Bergarako Lazpiur enpresaren aurrean, atzo azaldu zuten legez, «metalgintzako langileon lan baldintzen aurkako estrategiaren arduradun nagusiak -beren aburuz Adegiko zuzendaritzako kideak-, izen abizenekin identifikatzeko».

Prentsa ohar batean, bi sindikatu hauek aipatzen dute patronalaren ordezkariak «beren jarrera atzerakoiekin Gipuzkoako langileriaren etsai arriskutsuak» bilakatu direla.

«Benetako negoziazioa»

ELAk eta LABek gogora ekarri dute metalgintzako sektorean izan diren greba egunek izan duten babes zabala, eta, irizten diote Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak «mobilizazio hauen arrakasta onartu eta benetako negoziazio bati heldu» beharko liokeela, akordio duin bat lortzeko. Eta, nabarmendu dute horrela egin ezean Adegik badakiela «metalgintzako enpresetan gatazka areagotu egingo dela».

Bi sindikatuak patronalaren jarrerarekin kezkatuta daude, eta uste dute bere xedea dela metaleko lan hitzarmena desagerraraztea. Edonola ere, hurrengo asteotan negoziazioan aurrera egitea ahalbidetuko duten urratsak emango diren itxaropenik ez dute galtzen, nahiz eta, urrats horiek ematen ez diren bitartean, mobilizazioekin aurrera jarraituko duten. Eta hauxe iragarri dute: «Adegik ez badu metaleko hitzarmena errespetatzen, Gipuzkoako enpresaburu guztiek jakin behar dute aurrera begira antolatuko ditugun mobilizazioak askoz gogorragoak izango direla».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo