GARA > Idatzia > Kultura

Ozeanoa artearen ikuspegitik begiratuta, Biarritzeko Bellevuen

Biarritzeko Bellevue jauregiak itsasoari eskainitako erakusketa hartuko du udan. Urriaren 3ra bitartean, «Ozeanoa» erakusketaren baitan, XIX. mendetik XXI.era artistek ur masa erraldoiarekin izandako harremanen ondorioz egindako obrak deskubritzeko aukera izango da.

p046_f01_148x111.jpg

Idoia ERASO | BIARRITZ

Hodeien itsasotik ur azpiko abisaletara bidaiarazten du «Ozeanoa» erakusketak. Belleveu jauregian sartu eta berehala, Susumi Shinguren «Hodeien itsasoa» obrak egiten dio harrera bisitariari. Agurrerako, aldiz, Yves Chauduëtek itsasoaren sakontasunetako misterioak landuz egindako lana aukeratu dute. Bukaerara garamatzan ibilbide ilun batean zehar, behin begiak iluntasunera ohitutakoan, hainbat argi nimiñok medusen presentzia argituko digute. Uretan sartu beharrik gabe, hain ezezaguna zaigun eremu abisaletan murgiltzeko parada eskaintzen digu artistak. «Hasieran bisitaria zerura begiratzera gonbidatzen dugu. Bukaeran, aldiz, itsas sakontasunetan murgiltzen dugu», nabarmendu zuen Florence Guionneau-Joiek «Ozeanoa» erakusketako komisarioak.

Bi obra horien artean, itxura, arima eta forma oso ezberdineko lanak deskubri daitezke, guztiak ere itsasoari lotuak. Egitura oso argia duen erakusketak, atal oso ezberdinak ditu. Horietan, nazioarte mailan izen handia duten artisten eta ezagunak bilakatzeko bidean diren beste batzuen lanak uztartzen dira.

Erakusketaren eraketa bere gain hartu duen Guionneau-Joien arabera, hiru ardatzen inguruan egituratu da. Lehenak, norbanakoen ikuspegi intimistak lantzen ditu. Bigarrenak, paisaian parte hartzen duen artistaren ikusmoldea irudikatzen du, betiere ikerketzeko gogoan murgilduz. Hirugarrenak, artearen praktika jolasgarriak eta poetikoak jorratzen ditu.

Ibilbidea

Sartu eta berehala, XIX. mendeko margolariek Euskal Herriko kostaldea irudikatuz egin zituzten lanak deskubrituko ditu bisitariak. Gustave Colin, Henry Pretre edo Leon Bonnat bezalako artisten bitartez, Pasaia, Biarritz edo Donibane Lohizunek duela bi mende zuten itxura ezagut dezake bisitariak. Garaiko iragarki batek Biarritzeko edertasunen berri ematen du, «itsasoa eta mendia elkartzen dituen hiria» bezala deskribatuz.

Ikuspegi metafisikoen tartean, XX. eta XXI. mendeko lanen bitartez mundu ezezagun bat deskubritzeko parada eskaini nahi zaio bisitariari. Horretarako, eskulturak, argazkiak eta margoak erabili dituzte. Federica Maitiak 2001ean egin zuen «Sirenaren bidaia» eskultura koloretsua eta itsasoaren ikuspegi surrealista ematen duen Paul Ochoaren «Éphémère» eskuz esku daude.

Lurraldeen kontrasteak eta gizakiaren eta naturaren arteko indar talkak aztertzen dira ondoren. Gizakiaren txikitasuna irudikatzeko, jantzirik dagoen gizon bat ikusten dugu itsasoan; hori bai, ur azpitik begiratuta. Wang Rechangen «Deep liquid» obra erraldoiak, berriz, nabarmen agertzen du indarren talka.

Itsasoa saiakera artistikorako eremu bilakatzen da ondoren, figurazioaren eta abstrakzioaren arteko mugan. Horrela, mareagorak gizakiek egindako portu baten eskailera nola estaltzen duen erakusten duen bideoa ikus daiteke, baita entzun ere!

Azken gelak jolasgarriagoa ematen badu ere, ikuspegi kritikoa berehala sumatzen da. Ru Xiao Fanek hondartzetako kontsumismoa salatuz egindako lana edo Martin Parren «Ocean Dome» interesgarria dira horren adibide. Bruno Lehoux eta Philippe Lopezen «Bale bankua» lanak esertoki baten itxura du; balearen buztana erabat odoleztatuta dago.

Arrue eta Dezoteux, euskal ordezkariak

Bernard Dezoteux baionarraren izena oraindik ez da denen ahotan, baina dagoeneko etorkizuneko hamar artista nagusien artean kokatu duenik ere izan da. Bere bi bideo Parisen aurkeztu dituzte, bata Arte Modernoko Museoan eta bestea Tokioko Jauregian. Urrunera joan beharrik gabe, itsasoari eskainitako Biarritzeko erakusketan ere bada bere lana ezagutzeko parada.

«Biarritz» deitzen da Dezoteuxen bideoa, eta artistak berak performance bat bezala definitzen du. Obraren izen bera duen hiriko hondartzara bi giza-anfibio nola heltzen diren ikusten da ikus-entzunezkoan. «Ez nuen kondizio berezirik sortu nahi, bainatzen ari zirenek bi pertsonaia ikusgarri hauen presentzia nola hartzen zuten ikusi nahi nuen», azaldu du artistak. Pantailak hartzen duen forma berezia Claude Viallat artistari egindako omenaldia dela ere azaldu du.

Arte garaikideari dagokionez, Dezoteux da Euskal Herriaren ordezkari bakarra. Aldiz, XIX. mendeari eskainitako erakusketaren lehen zatian, Ramiro Arrue bezalako margolarien lanak aurki daitezke. I. E.

«HITZEN ITSASOA»

Ozeanoaren ikuspegi anitzekin batera, terminoak dituen sinbologiekin ere jostatzen dira zenbait artista. Charles Sandissonen «Hitzen itsasoa» jolas horien adibide bikaina da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo