GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Bagare!» lelopean Laudio Ikastolak antolatuko du 2011ko Araba Euskaraz

Ekainaren 20ko edizioa atzean utzita, lanean dihardute jada datorren Araba Euskaraz aurtengoa bezain ondo atera dadin. Lekukoa 40 urte beteko dituen Laudio Ikastolak hartu duela jakinarazi zuten atzokoan.

p020_f02_148x168.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA | GASTEIZ

Aguraingo edizioa atzean utzi eta Laudiori pasa diote lekukoa. 2011ko Araba Euskaraz aurkeztu zuten atzo. 1971n sortu zen Laudio Ikastolak laugarren aldiz hartuko ditu antolatzaile lanak. Datorren urtean 40 urte beteko ditu, eta, ondorioz, 2011ko Araba Euskaraz Laudioko ikastola sortu zuten pertsonei omenaldia egiteko baliatu nahi dutela aurreratu zuen Ainhoa Uriarte ikastolako lehendakariak.

Datorren urteko xehetasunak ematen hasi baino lehenago, Agurainen ekainaren 20an ospatu zen euskaltzaleen jaiaz mintzatu zen Joseba Aginagalde Arabako Ikastolen Elkarteko zuzendaria. «Agurainen ospatu zen edizioa oso pozgarria izan zen, jaiak Arabako Lautadan euskara zein euskal kultura indarberritzeko balio izan baitzuen», adierazi zuen Aginagaldek. Era berean, antolatzaile lanetan ibili zen Lautada Ikastolaren lana goraipatu zuen. «Urtebete besterik ez duen ikastola izanik, eredugarria izan zen egin zuten lana. `Gogo biziz' leloa egi bihurtu zuten». Hori dela eta, eskerrik beroenak eman nahi izan zizkien laguntzaile lanetan aritu ziren pertsona guztiei.

Segidan, Ainhoa Uriartek 2011ko ekainaren 19an ospatuko den Araba Euskaraz jaia hartu zuen hizpide. «Bagare!» leloaren nondik norakoak azaldu zituen lehenik. «Izan zirelako gara. Ikastolak sortu zirenean, euskara eta euskal kulturarako garai txarrak ziren. Guk orduko elkarlana, grina eta ilusioa berreskuratu eta indarberritu nahi ditugu», adierazi zuen Uriartek. «Garelako izango gara. Geroari begira, elkarlanean arituz eta pertsona anitzen parte hartzea lortuz, erronka berriei indar handiz ekin nahi diegu», erantsi zuen ikastolako lehendakariak.

Juankar Bermejo Laudio ikastolako zuzendariak ekainaren 19ko jaiaren xedea hezkuntza komunitatea osatzen duten guraso, langile eta gurasoen egun nagusian euskarari bultzada ederra ematea dela iragarri zuen. Bestalde, «ikastolaren eragina eta erreferentzialtasuna» handitu nahi dutela ere nabarmendu zuen Bermejok.

Laudio, gero eta euskaldunago

«Laudio Ikastolatik ia 3.000 ikasle pasa dira 40 urteko ibilbidean eta horiei herri euskalduna zor diegu», adierazi zuen ikastolako zuzendariak. Ikastola sortu zenean, 1970ean, herritarren %3 baino ez ziren euskaldunak Laudion. Eustatek 2006an emandako datuen arabera, aldiz, euskaldunen ehunekoa %26,54koa zen jada ordurako.

Ikastolaren hezkuntza proiektuak behar dituen inbertsioak eta hobekuntzak aurrera eraman ahal izateko baliatu nahi dute laudioarrek hurrengo urteko jaia. «Ikasle euskaldun, kritiko, autonomo, sortzaile, anizkor eta ez-sexistak» hezi nahi dituztela ere gehitu zuen Bermejok.

Atzo Gasteizen egindako agerraldian Jon Karla Menoyo Laudioko alkateak ere hartu zuen parte. Herriaren izenean, oso pozik agertu zen.

«Bagare!» izango da leloa

Bestalde, jaiaren leloari dagokionean, Bittor Kapanagak idatzi eta Gontzal Mendibilek musikatutako «Bagare» abestitik atera dutela azaldu zuten. «Izan zirelako gara, garelako izango dira» esaldia lagun, gogotsu azaldu ziren lanean hasteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo