GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Txurruka Ansola

Markel IRIZAR | Txirrindularia

1982ko azaroak 10ean, mutiko bat jaio zen Etxebarrin. Jose Antonio Txurruka eta Mari Tere Ansolaren hirugarren semea izango zen, eta mutiko hura jaiotzean, beraien amets bat bete zutela eta, Amets izena jartzea erabaki zuten.

Amets txikiak, aita bizikletan ibiltzen zela ikusita, berak ere txirrindulari izatea nahi zuela erabaki zuen. Gaztetatik erakutsi zituen bere dohainak eta, bere gorputz arinak ematen zion abantailarekin, laster nabarmendu zen maldan gora.

Urteak pasa ahala, profesionaletara jauzia emateko ordua iritsi zitzaion, eta batere erraza izan ez zuen arren, Italia aldetik etorri zitzaion profesional izateko aukera. Ederki aprobetxatu zuen. Bere lehen urtean izugarrizko maila eman eta gero, Euskaltel Euskadiko ateak ireki zitzaizkion, eta etxeko taldearen eskutik iritsi zen Tourrera.

Tourrak egin zuen handi gure mutil-koskorra. Txirrindulari lehiakorrenaren saria eman zioten, eta betirako lapurtu zituen txirrindulari zaleen bihotzak, eta batez ere euskal zaleenak.

Euskaldunek, oso geureak ditugun ezaugarriak ikusten zituzten Ametsengan, eta horren borrokalaria, langilea, umila eta xumea izaki, zalegoaren txirrindulari kuttuna bihurtu zen.

Sarritan, telebistako aditu ezagunek, mendateetan gora pelotoia astintzen zuela ikusten zutenean, beraien buruari galdetzen zioten nola zen posible horren gorputz txikian horrenbeste indar egotea. Horren neurtuta dagoen txirrindularitza honetan, watt, bihotz taupada maiztasun eta laktatoak neurtzen diren arren, badago dohain edo gaitasun bat, inork horri buruz ezer idatzi ez duena. Batzuk kemena dela esaten dute, beste batzuk adorea, baina dohain horri, nire herrian, kasta deitzen diogu. Agian Txurrukatarrengandik jaso du bertute hori, ala Ansolatarrengandik, edo bien nahasketatik akaso, zer dakit nik? Baina zinez diotsuet bere kasta berezi horrek egiten duela Amets horren berezi.

Baina bizitza, ez da beti arrosa kolorekoa, eta batzuetan momentu zailetatik pasarazten gaitu. Halakoetan ere, bizikleta gainean duen indar berezi hori, bizitza arruntean jendeak maite duen karisma berezi bihurtzen du, eta guk dena beltza ikusten dugunean, berak gauzak beste era baten ikusarazten dizkigu.

Hau idazten dudan bitartean, neu ere atsekabetuta eta triste nagoela onartu beharra dut. Baina neure teklatu trakets honetatik, gauza bat bakarrik esan nahi dizuet: eskerrak eman nahi dizkiet Ametsen gurasoei, haien ardura izan baita txirrindulariaz aparte dagoen pertsona hori heztea. Txirrindularitza, bizitzako alor bat besterik ez da, eta hura bukatzean, gelditzen den bakarra pertsona da. Eta horretan, gure Txurru, zin dagizuet, bene-benetan da lehiakorrena.

Horregatik, Markina eta Etxebarriko lagunei, bere peñako kideei, anai-arreba, guraso eta familiari, eta txirrindularitza zale guztiei batez ere, ekaitzaren ondoren barealdia datorrela gogorarazi nahi diet. Eta ziur izan, laster, berriro ere lasterketetara bueltatzean, gure Ametsek ametsen mundura bueltaraziko gaituela.

Besterik gabe, besarkada bero bat guztioi, eta hiri, nire lagun Txurru; zailtasunak zailtasun, eroriko edo haustura, animo! Eta jakin ezak edozertarako lagunak hor izango dituala.

Etzi arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo