GARA > Idatzia > Kultura

Olerkiz jantziko da Ea datorren asteburuan, Poesia Egunen zazpigarren edizioan

Ezinbesteko zita dute poesia zaleek datozen 17an eta 18an Ean. Hainbat idazlerekin elkarlanean, Herrijeri Emon Arnasa kultur elkarteak antolatu ditu jardunaldiok. Bertan, poesiaren heriotza izango dute hizpide.
p047_f01_96x64.jpg

Julene LARRAÑAGA | BILBO

Poesia jende gutxik irakurtzen duela esan ohi da, baina, era berean, etengabe antolatzen dira olerki munduaren gaineko jardunaldiak. Eako Poesia Egunak dira horren isla. Atzo aurkeztu zituzten jardunaldiok Bilboko Kafe Antzokian. Aurten zazpigarren aldiz ospatuko da ekimena, hilaren 17an eta 18an. Parte-hartzaileek poesiarekin elkarbizitzeko aukera izango dute dagoeneko poesia zaleen topaleku bihurtu den ekimenean.

Poesiaren heriotza izango da aurtengo egitarauaren ardatza. Joseba Sarrionandiaren ihesaldia eman zenetik 25 urte bete dira oraintsu, eta antolatzaileek bere hitzak gogoratu nahi izan dituzte. «Poesia hil da, baina ez naiz ni izan», idatzi zuen idazle eta poeta iurretarrak, eta horixe izango da aurtengo lema.

Gabriel Aresti poetari omenaldia egiteko asmoz, horrela sortu ziren Eako Poesia Egunak, Asun Landa Herrijari Emon Arnasa kultur elkarteko kideak oroitzen duenez. «Arestik Ean eman zituen bere azken urteak eta poema ederrak idatzi zituen bertan. Omenaldi bat egin nahi izan genion gure herrian bizi eta hil zen idazle eta poetari, gure herriarentzat arnas berria izan zenari», adierazi zuen Landak.

«Elkartrukerako egunak»

Herrijari Emon Arnasa kultur elkarteak antolatzen ditu jardunaldiak, hainbat idazlerekin elkarlanean. Dena den, auzolan bidez egindako lanaren emaitza izaten dira egun hauek. Landaren esanetan, «ez dira jardunaldi akademiko hutsak. Elkartrukerako egunak izaten dira, non literatur zaleek, herritarrek eta idazleek bat egiten duten. Eta hori guztia aparteko inguru batean. Espazio naturala aprobetxatuz, uda eta poesia uztartuz, sekulako giroa sortzen da».

Idazle eta poeta ugari izango dira Ean, besteak beste, Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Anjel Erro, Iñigo Aranbarri, Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, Jose Luis Otamendi eta Amaia Lasa. Aurtengo gonbidatu berezia Maria Josep Escriva idazle katalana izango da. Helbide honetan egitarau osoa jarri dute ikusgai interesa duenarentzat: www.eakopoesiaegunak.net.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo