GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Artzain txabolak berritzeko lanak

Orgatila bete gogo eta umore, artzain txabolak konpontzen ari dira Iramendin

Kultur ondarea ez dute soilik jauregiek, Erdi Aroko eraikuntzek edo trikuharriek osatzen. Artzain txabolak ere ondare dira. Aizkorrik artzain txabola asko ditu bere magalean. GARAk Iramendi ezagutu zuen atzo Fermin Leizaolaren eskutik.

p019_f0155986.jpg

Janire ARRONDO

«Denak zutik eta hasi lanean! Jarri guapo!», egin zien oihu taldeko arduradunak, kamera eta koaderno, kazetari taldea gerturatzen ari zenean. Agindu beharrik gabe eta inguruneak eskaintzen zuen lasaitasunean lanean ari zirela, bisitatxoa izan zuten atzo goizean Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Iramendin. Izan ere, Kutxaren Gizarte Ekintza Sailak diruz lagundu eta Aranzadi zientzia elkarteak kudeatuta, hogeiren bat gazte ari dira utzita dagoen artzain txabola bat konpontzen leku horretan.

Gipuzkoa eta Araba artean dagoen partzuergoko mendietako batean kokatua dago gunea. Partzuergoa biztanlerik gabeko erakunde publikoa da; Asparrena, Donemiliaga, Idiazabal, Segura, Zerain eta Zegama arduratzen dira kudeaketaz. Iramendi, berriz, mende luzez artzaintzarako egokia izan den saroia zabala da. Bertan dute euren txabola egun Zegamako Uztaran baserriko Azurmendi anaiek, esaterako.

Aurrean Hirumuga, Apota, Larrebil eta Aratz, ekialderago Aizkorri, atzean Txurrokopunta, eta urrunean Txindoki ere begi-bistan dituztela, txabola zaharra eraberritzeko lanetan ematen dituzte egunean hiruzpalau ordu gazte hauek. Atsedenerako eta lotarako lekua, berriz, Zegamako eskolaren eraikinean dute. Astelehenaz geroztik dabiltza bertan lanean 15 eta 20 urte bitarteko neska-mutilak; datorren igandera arte jarraituko dute jo eta su. Goizean goiz jaiki eta lehenbiziko lana, eta begiraleen hitzetan «exijentzia bakarra», sanferminetako entzierroa ikustea dute. Gosaldu, furgonetan sartu eta mendira bidean jartzen dira.

Hamarkadak atzera

Atzokoan Kutxako ordezkari Zaloa Etxaide, Partzuergoko lehendakari Jesus Berasategi eta Aranzadiko etnografo Fermin Leizaolaren bisita izan zuten, beste hogeiren bat kazetarirekin batera.

Zertarako konpondu, ordea, txabola zahar bat? Helburu nagusia belaunaldi berriei lehen artzainak nola bizi ziren erakustea dela azaldu zuen Leizaola etnografoak. Era berean, ibilbide kulturaletako erreferentzia gune bilakatu nahi dute ingurua. Iramendin gazteak lanean dabiltzan gunean, artzainak bizitzeko eta gazta egiteko erabiltzen zuen txabola, txerritegia eta, egoera kaxkarragoan, artegia daude.

Txabola nagusiak bi zati ditu: sukaldea eta logela. Sukaldeek garai batean beheko sua izaten zuten, eta, tximiniarik ez zutenez, erabat ketzen zen barrua. Sarrerako ateak metro bateko garaiera besterik ez du txabola honetan, hartara barrua aireztatzen da baina behealdea bakarrik. Sabaian gaztanoletan jartzen zituzten gaztak ketzen ziren horrela bestelako metodo berriak asmatu ziren arte. Atzo txerritegia txukuntzen eta teilatua konpontzen harrapatu genituen gazteak.

600 urteko hitzarmena

Inguru honetan artzainek maiatzaren lehenetik irailaren erdira arte irauten dute. Artaldearekin batera pasatzen dute gaua bertan; hala, egunez inguruko larreetara mugitzeko erraztasunak dituzte. Antzinako egitura sozial eta ekonomikoa mantentzen da gune hauetan. Artzainak txabolak eta larreak erabiltzen dituzte, baina ez dira eurenak.

San Adriango pasabidean duela 600 urte inguruko herrietako agintariek egindako hitzarmen batean ditu oinarriak antolaketa horrek. Orduan, egun partzuergoa osatzen duten herrietako artzainei txabolak, eroritako zuhaitzen egurra eta ura erabiltzeko eskumena eman zieten. Gaur egun ere, partzuergoaren eta artzainen artean konpontzen dituzte txabolak. Baldintza 120 edo 150 ardi inguru izatea da. Bitxikeria moduan, 1936. urtera arte debekatua zegoen teilak erabiltzea, horrek jabetza pribatua sinbolizatzen baitzuen.

Bizirik dagoen ogibidea

Aizkorriko artzaintza, baina, bizirik dago oraindik, hamaika familiaren ogibide da egun ere. Partzuergoan 8.000 ardi inguru ibiltzen dira eta hainbat dira uda partea mendian igarotzen duten artzainak ere.

Aizkorri-Aratzen ugari dira artzain txabolak jasotzen dituzten saroiak. Urbia inguruan, esaterako, Arbelar edo Laskolatza daude sei edo zazpi txabolekin, baita Erdikosaroi, Lanbita edo Oltza ere. Lehen muturreko baldintzei egin behar izaten zieten aurre artzainek. Inguru hauetako larrean 1.000 metroko garaieran daude, orain hamarkada gutxi arte autoz bertara iristeko aukerarik gabe.

XXI. mendean asko aldatu dira gauzak eta teknologia berrien laguntza ere iritsi zaie artzainei. Hala ere, ardiak bazkatzeko ingurua eta artzainaren eskulana ordezkaezinak dira oraindik ere. Goiko larre horietan egiten dute artzainek, mimoz eta dedikazio osoz, Idiazabal izendapeneko gazta preziatua.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo