GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

trontza Nafarroako finala

Barberena anaiek garbi utzi dute zeintzuk diren onenak

Iraizotzeko bikoa hasieratik jarri zen lehen postuan, eta aise irabazi zuen txapela.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Barberena anaiek hasieratik erakutsi nahi izan zuten Nafarroan zeintzuk diren onenak, eta amaieran ia bi minutuko aldearekin lortu zuten herrialdeko txapela. Lau bikote neurtu ziren atzo Iruñeko Foruen plazan, eta lehiatu zen bikote bakoitzak kana-erdiko bati hamalau epai etzanda eta beste lau zutik eman behar izan zizkion.

Barberenatarrek hasieratik jo zuten aurrera, eta apurka-apurka aldea gehituz joan ziren, eta amaieran arazorik gabe lortu zuten txapela, nahiz eta proba luzea egin zitzaiela onartu zuten saioaren amaieran. 8 minutu eta 6 segundo behar izan zituzten lan guztiak burutzeko.

Bigarren postuan sailkatu ziren Lasaga-Galarregi, eta 9.50 izan zen beraien denbora. Pikabea-Morrondo izan ziren hirugarren sailkatuak, 10.40ko denbora eginda, eta azken postuan amaitu zuten proba Pikabea-Iribarrenek.

Gaurkorako, herrialdeko ingude-altxatzeko finala izango da ekitaldirik garrantzitsuena. Urrutia, X. Sein, C. Sein eta Aiora dira lehiatuko direnak. Bakoitzak 18 kiloko ingudea erabili beharko du minutu eta erdian.

Etzi, Nafarroako aizkolarien binakako txapelketa izango da saiorik erakargarriena. Nazabal-Barberena, Larretxea-Senosiain I.a eta Mindegia-Lopez arituko dira lanean. Bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste oinbiko moztu beharko ditu. Gainera, nesken txinga lehiaketako herrialdeko txapela ere erabakiko da. Peña, Sorondo, Sousa eta Anton neurtuko dira, eta esku bakoitzean 25 kiloko txingak hartuta ibili beharko dute. Ahalik eta metrorik gehien egitea izango da helburu nagusia.

Sokatira

600 kiloko Euskal Herriko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa gaur amaituko da Erandion, San Kristobal auzoan jokatuko den lehiarekin. Ekinaldia 17.30ean hasiko da. Goiherri A eta B, Gaztedi, Gaztedi mistoa, Mutriku, Getxo eta Areso lehiatuko dira. Txapela ia erabakita dago, izan ere, Goiherrik 3,5 puntuko aldea kentzen dio bigarrenari, eta Goiherrik txapela galtzeko azkeneko postuetan sailkatu beharko luk. Aldez aurretik horrek ezinezkoa dirudi.

Borroka bigarren posturako iragartzen da. Areso doa bigarren, Gaztedi mistoa hirugarren eta Mutriku, berriz, laugarren. Hiru taldeen artean puntu bakar bateko tartea dago, eta lehia handia izango da zilarrezko domina horren bila. Hortik atzerako postuak ere nahikoa erabakita daude, eta ez dirudi ezuste handiegirik izango denik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo