GARA > Idatzia > Kultura

Nerabezaroko espiritua berreskuratzeko asmoz, zale uholdea Kobetamendin

Rammsteinen antzezpen itzelaren ostean, Pearl Jam taldea zuen atzo izar nagusia Bilbao BBK Live jaialdiak. Eta lehen egunean kasik 25.000 zale erakartzeko kapaz izan bazen, atzo aise gaindituko zuen aipatu kopuru erraldoia. Gaurko jarduna lasaiagoa espero da, Manic Street Preachers, Faith No More eta Jet nagusi direla, iluntzean joko duten TSOOL eta Jeff Tweedy ahaztu gabe. Hori bai, festagiroa nagusi da hemen, eta jendeak ez du jaia bukatzerik nahi.

p043_f01_148x108.jpg

A. BILBAO| BILBO

Lerro hauek irakurtzen dituzuenerako Pearl Jamen jarduna atzean utzia izango dugu, eta dena ondo joanez gero, oroimenean iltzatua. Kantu sorta zoragarria duen boskote gogoangarria baita Seattlekoa, egun grunge musikan irauten dutenen artean erregea.

Eta ostegunak 24.000 lagunetik gora bildu bazituen -antolatzaileen arabera-, gaurko ilara etengabeak ikusita, aise gaindituko da kopurua, 30.000 lagunetik gora egin eta jaialdiaren gailurrera -Metallicak lortua- hurbiltzeraino. Autobusen joan-etorria etengabekoa da arrastiko lehen orduetatik, taxiak ere badabiltza, eta oraindik gutxi diren arren, badira oinez animatzen direnak ere, gero eta gehiago. Egia esateko, oinezko txangoa behera egiteko probesten du gehiago jendeak, talde nagusiak jo ostean ilara handiak sortzen direlako, eta, oinez ordu erdi eskas eginda, Bilbo zapal dezakezulako.

Eguna askozaz aurretik hasi zen baina, aurreko egunean baino giro atseginagoa zela. Haize fina zebilen Kobetamendin arrastian, eta iluntzerako ekaitz arriskuak irauten bazuen ere -Rammsteinek jo bitartean bota zuen bart-, atzokoaren aldean urriagoa zen arriskua.

Musikari dagokionez, oholtza gainera igotzen aurrenekoa Capsula Buenos Airesko bilbotarrak izan genituen. «Rising Mountains» indartsuarekin Ameriketako Estatu Batuetako jaialdietan ere aho zabalik utzia dute rockzale bat baino gehiago, eta egun prestatzen ari diren lanaren aurrerapena ematekoak ziren Bilbon, hirukote berrituan. Ordurako baina, isiltasuna hautsia zen aspalditik, jendearen berbaro, algara eta garrasiak etengabeak baitziren.

Jaialdizaleez ari gara, hemen ugariak dira eta. Musika festibal erraldoietan zehar erromesaldian ibili ohi dira, eta sarritan, bertan nork jotzen duen ere bigarren mailako kontutzat dute. Azken finean, bosgarren urtea du izena eta izana egina duen Bilbao BBK Live jaialdiak, eta paraje zoragarrian gauzatzen da. Beraz, oholtzaz oholtza taldeei adi-adi so, belarriak erne direnez gain, makina bat koadrila han-hemenka dabil, zelaietan piknik giroan, Vodafone karpan rock izarrez mozorrotuta, gitarra dirdiratsuak eskuan argazkiak egiten, Volcom etxeak bertan paratu jolasetan parte hartzen... Batzuk, gainera, Kobetamendira igo eta sarrera erosteko ardurarik gabe jaialdi eremuko atarian bildu dira, zerbait entzuten dela eta, garagardo eta kalimotxo fardelez hornituak, festagiro alaian.

Berriro musikaren haria hartu eta oholtzara begira, Wild Beasts izan da agertzen bigarrena, eta harridura sortu dute, onerako, «Two dancers» aurkeztuta. Batzuk diotenez, etorkizunean kasu egin beharreko taldea da Ingalaterratik datorrena.

Oholtza nagusian estreinako taldea ikusita, Gomez prest zen bigarrenean. Aurrekoak baino eskarmentu handiagoa dute, eta hauek ere ondo bete dute lana, boskotean. Biffy Clyro agertzerako jende andana dabil jaialdian, sakabanatuak dabiltza baina, eta ez dira horrenbeste oholtza nagusiaren parean direnak. Akaso horregatik, entzuten duguna interesgarri egin zaigun arren, bular bistan eta tatuaiaz jositako taldearen jarduna mingarria egin zaigu belarrietan, gorputza astintzerainoko bolumen ozena dute-eta.

Coheed and Cambria metal taldeak hartu die txanda gero -herenegungo egitaraurako aproposagoak, Gogol Bordeloren festa zoro eta dantzagarriari bidea egiteko. Paul Wellerrez bihar hitz egingo dugu, zirraraz.

Gaur jaialdiak hirugarren eta azken eguna jasoko du, aurreko biak baino lasaiagoa. Lasaiagoa aurreikuspenez, Rammstein eta Pearl Jam taldeen moduko erakarpen indarra izan dezaketen taldeak falta dituelako. Alta, musikazalea denak aurkituko du zer gozatua, eta jaialdizale direnek, argi utzi dutenez, ez dute talde esanguratsurik behar festa luzatzeko, nahikoa dute jende andana bildu eta edozein hotsen erritmora salto saltoka aritzea.

Azken eguna

Jarduna, aurreko bi egunetan legez, etxeko talde batek hasiko du, Berrizko Lain laukoteak, 16.30ean eta oholtza txikian. Hardcore melodikoa maite dute eta Gaztea irratian irabazi zuten Bilbao BBK Liven parte hartzeko aukera.

Band of Skulls hirukotearen txanda dugu jarraian (17.10, Stage 1). Gazteak dira, britainiarrak, «Baby Darling Doll Face Honey» debutarekin arreta lortu dute eta «Crepusculo: Luna nueva» filmeko soinu bandan lan egin ostean, gehiago. Arratsak The Maccabeesekin egingo du aurrera (17.50, Stage 2). Ingelesak hauek ere, Artic Monkeysen zuzenekoak ireki dituzte eta «Wall of Arms» da aurkezgai duten lana.

Irla beretik hurbilduko zaigu hurrengo taldea ere, Galeseko Los Campesinos!. Seikoteak oso zuzeneko dibertigarria omen du, eta jotzen dutenerako girotua izango dute Kobetamendiko zelai nagusia (18.35).

Talde ezagunagoen tartea Jeff Tweedyk irekiko du (19.25, oholtza txikia). Illinoisko mutiko lotsatia Wilco talde loriatuaren konposatzaile eta gidaria dugu, egun musikazale amorratuenentzat boga-bogan dagoena. Ikusteko dago bakarka edo laguntzarekin joko duen, baina Tweedyk emandako zuzeneko akustikoen oihartzun bikaina jaso dugu kritika bidez.

The Soundtrack of Our Lives suediarrak ere ezagunak ditugu gurean. Makina bat aldiz jo izan dute Euskal Herrian, Bilboko Kafe Antzokian esaterako, eta zalego zabala dute, zuzenean ase utzi dutena. Rock indartsu eta klasikoa jorratzen dute, gitarra zorrotz eta psikodelia ukituekin. Agertoki nagusia hartuko dute, 20.35etik aurrera. Gero, atsedenik hartzeko betarik gabe, Feeder hirukoteak joko du (21.40, Stage 2). Soinuari eta ospeari dagokionez Pixies ezinbestekoen itzalean jaioak, «Renegades» lana aurkeztuko dute, argitaratzear dutena.

Behin ilunduta, larunbateko talde nagusiak entzungo ditugu errenkadan. Hirukotea Manic Street Preachersek irekiko du (22.50, Stage 1). Pop soinu finak lantzen dituzte eta gomendagarriak dira oso. «Journal For Plague Lovers» dute zuzenean emango duten lana. Gaueko izarren txanda 0.50ean gauzatuko da, oholtza nagusian. Faith No More taldeari buruz ari gara. Pearl Jam eta Alice In Chainsen garaikide, adinez eta soinuz, urteetan isilik izan ostean berriro elkartu eta plazan dira.

Hasi eta 30 taldera, Jet australiarrek itxiko dute aurtengo Bilbao BBK Live jaialdi erraldoia. Melbourneko rockzale amorratuak mundu mailako sona lortu zuten «Are you gonna be my girl» hit biziarekin eta «Shacka Rock» dute lan berria.

JENDETZA

Aurreko egunean baino giro freskoagoarekin, arrastirako jendetza zegoen Kobetamendiko zelaietan jesarrita, piknik lasaian, Pearl Jam jaialdiko izar nagusiak noiz entzungo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo