GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baztan dagoen bezala mantentzeko martxa

Baztango ia 40 eragilek Amaiurren egin nahi duten harrobiaren eta Lekarozko Aroztegiko etxebizitza proiektuaren aurkako manifestazioa deitu dute larunbaterako. Udalak ez duela herritarren iritzia kontuan hartu salatu eta Baztan dagoen bezala mantentzea aldarrikatuko dute.
p015_f02.jpg

N.B. |

Amaiurko herriak eta Aroztegia... Eta Gero Zer? taldeak «Nafarroa bizirik nahi dugu» lelopean manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako. Horiez gain, kultur, kirol eta politika arloko 35 eragile eta sindikatu batu zaizkie, lurra xehakatuko duten egitasmoak gelditzeko eskatzeko eta egungo garapen eredua salatzeko.

Manifestaldia Elizondon izango da, 19.00etan, eta helburua Amaiurren egin nahi duten harrobiaren eta Lekarozen eraiki nahi dituzten 252 etxebizitzen kontra azaltzea da.

Manifestaldia deitu duten taldeek salatu nahi dute Udalak ez duela herriaren hitza errespetatu bi proiektuok proposatu zituenean, izan ere, galdeketa egin zuten eta herriaren gehiengoa aurka agertu zen. Beraz, martxarekin lortu nahi dutena Baztan egun dagoen bezala mantentzea da, herritarrek ez baitituzte euren lurra, ingurua, bizitza eta bizitzeko modua aldatu nahi.

Parte hartzaileek adierazi zutenez, azkenaldian Baztango herritarren behar eta eskakizunekin zerikusirik ez duten egitasmoak abiarazi nahian dabiltza, hain zuzen, interes ekonomiko eta enpresarialek bultzatutakoak. Aroztegia Eta Gero Zer? taldeak eta Amaiurko herriak euren inguru, lurralde, izaera eta helburu kolektiboekin bat datorren Baztan bizi bat nahi dute.

Herriak ez du nahi

Amaiurren harrobia egiteari buruzko galdeketa egin zuten eta herritarren %94,5 aurka agertu zen. Lekarozko Aroztegiari buruzko galdeketan, berriz, %67k eman zuen kontrako boza. Alta, herriaren gehiengoa bi proiektuon kontra egon arren, Udalak ez du iritzi hori aintzat hartu. Hortaz, larunbateko manifestazioa inposaketarik gabeko Baztan aldarrikatzeko erabiliko dute herritarrek.

Amaiurko Munoan, herritarren erdia bizi den tokian, Udalak baimena emanda, zundaketak egin dituzte dagoeneko. Manifestaldia deitu dutenen ustez, hurrengo pausoa harrobia egitea izango da, eta salatu zuten Udalak enpresa pribatu baten alde itsu-itsuan jokatu duela herritarren hitzari entzungor eginda. Gainera, esan zuten harrobiaren eta baserrien arteko gutxieneko tarte bat mantentzea beharrezkoa dela, eta baldintza hori betetzeko ordenantza ateratzea eskatu zuten. Lekarozko Aroztegian, eremu urbanizaezinean eta udal-planetik kanpo, 252 etxebizitza eraiki nahi dituzte. Amaiurko herriak eta Aroztegia Eta Gero Zer? taldeak esan zuten 2001ean 850 etxe huts zeudela Baztanen eta ez dagoela gehiago eraikitzeko beharrik; «gutxi batzuk aberasteko besterik ez dutelako balio».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo