GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Foru hauteskundeetarainoko barealdia

Guggenheim museoaren handitzea Urdaibaiko eremuetan gauzatzeko helburuarekin temati jarraitzen du Bizkaiko Aldundiak. Lakuako Gobernuaren ezezko borobila jaso du egitasmoaren nondik norakoak plazaratu zituenetik, baina Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak ez ditu proiektua aurrera eramateko ikusten dituen aukerak agortu nahi. Blanca Urgell Kultura kontseilariak Guggenheimgo Batzorde Exekutiboarekin biltzeko borondatea agertu dio gutun bidez, egitasmoarekin aurrera jarraitu edo ideia guztiak bertan behera uzteko eztabaida mahai gainean jarriz. Bilera horretatik aterako litzakeen ebazpenak, ordea, ziurrenik ez lioke babesa emango Bizkaiko Aldundiak Sukarrietako lurretan gauzatu nahi duen proiektuari. Bilbaok, beraz, Lakuako Gobernuarekin mantentzen duen norgehiagoka baretu nahi du, denborak Patxi Lopezen taldea iritziz aldaraziko duen esperantzaz edo. Bere ustetan, gaur egun «blokeo» egoeran dago Guggenheimi jarraikortasuna Urdaibain emateko eztabaida. Horregatik, datorren urtean egingo diren foru hauteskundeetaraino gaia kutxa batean sartu eta ordura arteko parentesi bat irekitzeko borondatea agertu du, egoera politiko berri baten zain geratzen delarik. Bilbaok oraindik aukerak ikusten ditu Guggenheim berri bat Urdaibain eraikitzeko eta berriro helduko dio gaiari bere helburuak betetzearren, nahiz eta datorren urtera arte itxaron behar izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo