Sindikatuek Baionako suprefetarengana jo dute beren haserrea helaraztearren
Arantxa MANTEROLA
Nicolas Sarkozyk erretreten erreformaren nondik norako nagusiak bere horretan mantenduko dituela jakinarazi ostean, langileen sindikatuek beren haserrea adierazi dute, baita Baionan ere.
Horrela, atzo, ehun bat langile suprefetura aitzinean bildu ziren CFDT, CFTC, CGT, FSU, Solidaires eta UNSAk deituta. Sindikatu horietako ordezkari taldeak beren aldarrikapenak helarazi zizkion suprefetari.
Gobernuak egitasmoa bertan behera utz dezan eta benetako negoziazioari ekin diezaion eskatu dute. Erretreten finantziazioa, pentsioen maila, lan nekezaz eta desberdintasunen txikitzeaz hitz egin nahi dute Gobernuarekin. Alta, Asanblea Nazionalak irailaren 7tik goiti hasiko du, besteren artean, erretiratzeko adina 62 urtetan finkatuko duen legeari buruzko eztabaida.
Berriro kalera
Egun horretarako, hain zuzen, mobilizazioa deitu dute sindikatuok. Oraingoan, gainera, FO ere gehitu da deialdira. Ordura arte, uda tarteko izan arren, mobilizatzen jarraituko dute, batik bat, abuztuaren 23tik irailaren 5era lekuko hautetsiak interpelatuz.