GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Kampalako kanpai-hotsak

Duela lau urtekoaren oso antzekoa da egungo egoera militarra Somalian; orduan Auzitegi Islamikoen Batasunaren eskuetan zegoen lurraldea, egun, Al-Shabaaben mende dagoela izango litzateke alde guztia

Bredakoaz geroztik Espainiak erdietsi duen lorpen handienaren oin-ohartxoa bailitzan hartu dute batzuek ingurumari hauetan, baina igandeko futbol partidaren unean Ugandako hiriburuan jazotako sarraskia oharpen izugarria da... ohartu nahi duenarentzat. Ez bakarrik bi eraso sinkronizatuetan zukututakoak dozenaka izan direlako (gizakien bizitza, egungo Afrikan batez ere, lehengai merkea da oso), hauen berezitasun eta ñabardurek etorkizun are latzagoa iragartzen dutelako baizik.

Somaliara begira ipini da mundu guztia hilketaren nondik norakoa igartzeko asmoz. Aieru zuzena izango da, seguruenera. Ekintzaren erantzukizuna argiro bere egin ez duten arren, Al-Shabaab milizia islamistaren bozeramaileek txalotu egin dute ekintza, eta iragan asteetan, Amisom nazioarteko indarren bitartez, Behin-behineko Gobernu Federalaren alde Somaliako gerran esku hartzen ari diren herrialdeen aurka jaulki zituzten mehatxuekin bat datorrela bistakoa da. Amisom horren baitan, Uganda eta Burundi izan dira somaliar gatazkan gehien murgildu direnak... Etiopiak 2006ko abenduan hasi zuen interbentzio bidegabe bezain burugabea amaitu ahala. Kampalako erasoen jo puntuak -bertakoak eta etiopiarrak- aski adierazkorrak dira, eta hilaren 25ean Afrikako Batasuna hiriburu horretan biltzekoa dela erantsiz gero, zer esanik ez.

Duela lau urtekoaren oso antzekoa da egungo egoera militarra Somalian; orduan Auzitegi Islamikoen Batasunaren eskuetan zegoen lurraldea, egun, Al-Shabaaben mende dagoela izango litzateke alde guztia. Ez dakit inork jo dezakeen onuragarritzat aldaketa, Al-Shabaabekoek izan ezik. Amisom indarren betekizuna, gero eta korapilatsuagoa, Muqdisho hiriburuaren zati bat balizko Gobernuaren aginte teorikoaren pean mantentzea da... batek daki zertarako. Gogoan izan behar da, esate baterako, Sharif Ahmed, egungo «presidentea», Auzitegi Islamikoen Batasuneko agintarietakoa zela duela lau urte. Izenak izen, izana da Somaliako gatazkaren giltza islamista muturrekoenen esku geratzen ari dela gero eta gehiago.

Erraza (?) litzateke arazoa, hala ere, Somaliakoa besterik ez balitz. Eskualde osoa da, ordea, eztanda demografikoaren, txirotze ekonomikoaren, irakinaldi erlijiosoen eta kontraesan identitarioen anabasan murgiltzen ari dena. Muga guztien gainetik. Piratakeriaren endredoa samurtu duenetik Europa kolonial zaharrak «Afrikako adar» alde horretara begiratu ere ez duela egin nahi dirudi; piraten arazoa bera zergatik gutxitu zaion igartzeko gogorik ere ez duela ematen du, adibidez. Aldiz, AEBek, Bushen garaietatik, oraindik joko arriskutsuagoan sartu nahi dutela ematen du: kristautasun (?) muturrekoenarekin lerratuta daudenekin bat eginez islam politiko eta erlijiosoari hesiak ipini; bestela ezin da ulertu Museveni eta abarri ematen dien babesa (haiek euren komenentziara darabiltena).

Leherkari pilo ikusgarri honek sei hilabete barru du hitzordu erabakigarri bat: Hego Sudanen independentziari buruzko erreferenduma egin behar litzateke datorren urtarrilean. Egiten bada, eskualdeko oreka (?) estrategiko gehienak hankaz gora joango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo