GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gregorio Ubierna, M. Elvira Mtz. de Luna, Tere Ponton*

Joseba Arregirekin solidaritatea

«Hitzaren eske nator» izeneko ekainaren 17ko idazkian, Joxe Arregik beraren gotzain den Munilla monsinorearen aginduei -erabateko isiltasunera ala desterrura behartzen dutenei- men ez egiteko hartu duen erabaki larri eta gogoetatuaren berri ematen du, Munillaren aurreko izan zen Uriarte monsinoreak ezarritako zigorraren epea amaitu eta gero. Garai hartan jarrerarik hartu ez genuen arren, 2009ko Eguberri bezperan Joxe Arregiri inposatutako neurria adierazpen askatasunaren kontrako eraso larria iruditu zitzaigun.

Bere teologia-ekoizpen oparoak, asteroko gogoetek, foro anitzetako interbentzioek egiaztatzen dituzte frantziskotar teologo honen gaitasunak: ikerketan zehaztasuna, Egia errebelatuarekiko zerbitzua, elizari fideltasuna, instituzio hau, ebanjelizatze zereginetan aurki ditzakeen oztopoetatik libratzeko ahots zintzo eta kritikoa. Horixe, eta ez beste ezer, izan zen Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain izendatzeari buruz zuen ikuspuntua azaltzera bultzatu zuen kezka. Ikusmira pertsonala agertzen zuen arren, asko ginen Joxe azaltzera ausartu zen salaketa eta irizpenekin bat gentozenak.

Elizbarrutiko hierarkiak ez zuen baloratu, ezta aitortu gogoeta hark erakusten zuen ausardia ebanjelikoa. Alderantziz, Uriarte monsinoreak ezarritako isiltasun neurriak mezularia pertsegitu eta profeta, behin-behinekoz, isildu egiten zuen. Zigor hura Arregiren jarduera eragin zuen xede ebanjelikoari egokitzen ez zaion zigor injustutzat jotzen dugu; instituzio interesak nagusitu zitzaizkion frogatutako probetan oinarritutako adierazpen eskubideari.

Joxe Arregik bete du ezarritako zigor injustua. Aipatu dugun ekainaren 17ko idazkian dionez, Munilla monsinorearentzat, ordea, neurri hura ez da aski ezan. Orain frantziskotarren nagusiak estutzen ari da behin betirako isiltasunera behartu dezaten, edota «graziazko irtenbidetzat», Ameriketara bidal dezaten, han pobreen alde lan egin dezan.

Gotzainaren beste neurri hau aurrekoa baino bidegabekeria astunagotzat daukagu. Izan ere, Joxe Arregik beraren lurraldean jarraitzeko eta kristau eta teologo bezala askatasun ebanjelikoz hitz egiteko eskubidea baitu. Bere erabakia oinarritzeko erabiltzen dituen arrazoiak konpartituz, uste dugu Elizak harena bezalako ahotsak behar dituela, hots, kritika sendatzailearen ariketa eta fedearen interpretazioa eduki espiritual eta konprometituz egingo dutenak.

Honenbestez, berak erabakitzen duen tokian pobreekin bidelagun izateko erabakia errespeta dadila exijitzen dugu. Horretarako ez dago atzerrira joan beharrik; Euskal Herrian ere, badira, tamalez, pobre eta zapalduak, hau da, mundu justuago eta anaikorragoaren bilaketan beraien ondoan bidea egingo duten sinestedunen beharra dutenak.

Hementxe, askatasunez, hitz egiten jarraitzeko Joxe Arregiren borondate irmo eta gogoetatuaren aurrean, solidaritatea agertu nahi diogu, Espirituaren esperantza eta ausardian oinarritutako erabaki adoretsuarekin, zeinak guztiok aberastu eta adoretu egiten gaituen. Eliz hierarkiei zera eskatzen diegu, ez dezatela haren jarreran botereari paratutako erronkarik atzeman, Egiari eskainitako zerbitzua baizik; jarrera kontserbadore eta agintekeria hierarkikoaz idortutako eliza honetan entzun dezatela ur garden eta garbia bezala hain beharrezkoa dugun espiritu profetikoaren ahotsa, anaia eta lagun dugun Joxe Arregirengan aitortu, eta eskertzen dugun karismetariko bat, hain justu.

*Felix Placer  Kristaua Elkarte Herritarrak, Herria 2000 Eliza, Euskal Herriko Apaiz Koordinakundea

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo