GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Tourra Adierazpenak

Samuel: «Nire erritmoa hartu eta jaitsieran jo nahi nuen»

Cadel Evans lur jota zegoen, ukondoa apurtuta eta bere aukera denak galduta.

p029_f04.jpg

GARA | SAINT JEAN DE MAURIENNE

Samuel Sanchezek bazituen hamaika arrazoi helmugan pozez zoratzen egoteko, ez baita alferrik sailkapen nagusiko hirugarren posturaino igo. Baina normala den moduan, helmugan oraindik nekea eta sufrimendua zituen hizpide nagusi Euskaltel Euskadiko txirrindulariak.

«Ikaragarri sufritu dut Alberto Contadorrek eta Andy Schleckek Madeleine mendatean gora erasoa jo dutenean. Ez naiz haien erritmoa jarraitzeko gai izan, eta nire martxa hartzea erabaki dut, jaitsieran hil ala bizi aurrekoekin bat egiten saiatzeko. Zoritxarrez, azken kilometro horietan karranpak izan ditut hanketan eta ezin izan ditut harrapatu», azaldu zuen Asturiasen jaio baina Gueñesen bizi den ziklistak.

Azken metroetan izandako arazo fisiko horiek atseden egunaren ondorio izan ote zitezkeen galdetuta, Samuelek argi utzi nahi izan zuen ez zela horrelakorik gertatu. Bezperako «jai-eguna» positiboa izan zela esan zuen, baita atsedena beti ongi etortzen dela ere.

Alberto Contadorrek, bestalde, bere helburuak ongi bete zituela onartu zuen: «Bagenekien Madeleine mendate gogorra zela, batez ere, atseden egunaren ostean igotzen genuelako. Hori abantaila zen igotzaileontzako, eta hasieratik hori baliatzen saiatu naiz. Aurkari gehienak atzean utzi ditugu eta hori berri oso ona da, nahiz eta denetan arriskutsuena, Andy Schleck, bikain ibili den».

Oso bestelakoak ziren Cadel Evans australiarraren bizipenak. Maillot horia galdu zuen, baina zortzigarren etapan izandako eroriko baten erruz ukondoa apurtuta duela ere jakin genuen atzokoan. Taldeak lesioa ezkutuan mantendu nahi izan zuen, lidergoari egun batzuk gehiagotan eutsi ahal izateko, baina azkenean argi gelditu zen Evans lur jota zegoela. «Ez nengoen aurreko etapan bezain ongi eta hori argi gelditu da. Bizikleta gainean sufritzeko prest nengoen, baina ezin izan dut gehiago egin. Asko sentitzen dut taldearengatik, kide guztiek sekulako lana egin dutelako. Orain dena galduta dago, zoritxarrez», aipatu zuen malko artean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo