Finito
Markel IRIZAR | Txirrindularia
Atseden eguna pasata, Alpeetako etapa ikaragarri polita ikusi ondoren, neure kontuak idazteari ekiten diot. Gure zutabeak Tour hasieratik irakurtzen dituzuenok badakizue lasterketaz gain beste gauza batzuei buruz idaztea ere gustatzen zaigula sarri. Baina gaur, ohitura hori aldatu eta lasterketari buruz bakarrik hitz egingo dut. Tourraren erdia besterik pasa ez dugunean, zoritxarrez, txirrindulari askok agur esan diete beren aukerei. Eta nire ikuspegitik are okerragoa dena, horietatik gehienak gure taldekoak dira. Lasterketa hasi aurretik, berez, talderik indartsuenarekin irteten zen Radio Shack. Baina batagatik ala besteagatik, gure taldeko txirrindulari indartsuenek ez dute espero zitekeen maila eman. Lance Armstrong gure taldeburuari dagokionez, aitzin etapa oso ona egin eta gero, esperantza askorekin geunden, baina astebetean izan dituen sei erorikoek bere aukera apurrak zapuztu dituzte. Hala ere, gauzak etorri diren moduan onartu beharra dago. Azken urtean, bere kirol bizitza osoan baino zorte okerragoa eduki duela uste dut, eta, 39 urte dituzunean, horrek ez du askorik laguntzen. Baina irakurri eta entzundakoen ondoren, gehien harritu nauena gauzak horren gaizki irten zaizkiola ikusita jende asko poztu egin dela da. Badakit zale eta kazetari askok ez dutela Armstrong gogoko, baita iraganean esan eta egindako hainbat gauza ez dizkiotela edonola barkatuko. Batzuk aspalditik dute Lance epaituta, eta besteen mesedetan diru asko eman eta lan asko egin arren (minbiziaren aurkako borrokarengatik ari naiz), beti ikusiko dute kirolari harro eta berekoi gisa. Schleck eta Contadorren erakustaldiak ikusten ditudan bitartean, etxeko sofatik, sufritzen ari naizela onartu beharra dut. Ez Haimar ez Txurru ez daude lasterketan, eta nire taldekideei gauzak ez zaizkie ongi irten. Horrenbestez, ezin dut lasterketaz gozatu. Hala, besteen nagusitasuna kiroltasunez onartzea baino ez da gelditzen. Gure talde Tour honetako galtzaile nagusienetakoa dela esan daiteke; gainera, Tourrekoaz aparte, Vueltara ez gaituzte gonbidatu eta horrek ere baldintzatu egiten gaitu. Ba, horrela, lasterketak utzi didan gorputz triste honekin, agurtzen naiz. Batzuei poz eta arrakasta asko geldituko zaizkie aurretik, baina guretzako, Radio Shack taldeak dituen aukerei dagokionez, «bukatu da, bukatu da, bukatu da... akabo!!!».