GARA > Idatzia > Kirolak

Izotz gaineko hockeya Lehen Maila

Hormadik galdutako dirdira berreskuratzeari ekin dio

Talde lapurtarrak Lehen Mailara igotzea lortu zuen joan den denboraldian eta Elite Mailatik, gorengo mailatik, pauso bakarrera arituko da sasoi honetan.

p034_f01.jpg

Jon LEUNDA

Gizartean krisiaren eragina geroz eta handiagoa den bitartean, badirudi leku batzuetan hori gainditzen ari direla jada, batik bat bere ondorioak lehenago sumatu zituztelako. Horren adibide da Hormadi ere, izotz gaineko hockeyko Angeluko taldea.

Lapurtarrek urte bikainak egin zituzten Estatu frantseseko Elite Mailan, baina arazo ekonomikoek eta kirol mailan izandako eragozpenek taldea desagertzeko zorian jarri zuten. Aldiz, aurrera egin zuten, eta une honetan berriro ere Lehen Mailan dira; hau da, orain dela bost denboraldi utzi zuten Elite Mailatik urrats bakarrera.

Azken urteotako ibilbidea, ordea, ez da samurra izan, bidean arantza asko aurkitu baitituzte. Azkenik baina badirudi arazoak konponbidean direla eta lapurtarrak maila gorenera itzul daitezkeela uste baino lehen.

1997-98 denboraldian iritsi zen Angeluko taldea Elite Mailara. Txapelketari tamaina hartzeko lehen urteen ostean, ligako talde onenetakoa bihurtu zen; hala, Karlos Gordobil entrenatzaile donostiarra aulkian zuela finalerdietan sartu zen behin baino gehiago Hormadi. Ligako finalak ere jokatu zituen, eta Estatu frantseseko talderik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen Angeluko taldea.

Gauzak, ordea, ez dira betirako izaten. Hori esaten dute behintzat, eta Hormadiri ere horixe gertatu zitzaioan. Gordobilek, gaixotasun bat medio, Lapurdiko taldea utzi beharra izan zuen, eta horrekin batera hasi ziren komeriak. Arazoak, batez ere ekonomikoak, iritsi ziren, eta horrek eragin zuzena izan zuen fitxaketak egiterako orduan. Talde lehiakor bat egitea geroz eta gehiago kostatzen zitzaion Hormadiri, eta, amaieran, aurreikusten zena gertatu zen: taldeak Elite Maila galdu zuen.

Horrekin batera, eta ikusirik diru arazoak geroz eta handiagoak zirela, klubak hil ala biziko erabaki bat hartu beharra izan zuen: aurrera egin edo desagertu. Bidegurutze horretan hartutako erabakiek, ordea, gerorako mesede egin diote klubari eta garai bateko dirdira berreskuratzen ari da egun Hormadi.

Espainiako Liga

Esan bezala, erabaki zailak hartu behar izan zituzten angeluarren zuzendariek. Hasteko, talde profesionala bertan behera utzi eta bi talde egin zituzten. Lehenengoak, eta onenak, Estatu espainoleko ligan jokatzea erabaki zuten agintariek; gazteekin osatutako beste talde batek, bien bitartean, Estatu frantseseko ligan eman zuen izena; hori bai, mailarik apalenean, Hirugarren Mailan, alegia. Horrela, taldearen jarraipena segurtatzeaz gain, etorkizunean ere onenen artera itzultzeko aukera zabalik utzi zuten.

Estatu espainoleko federazioaren baiezkoa jaso ostean, Hormadiko lehen taldeak Espainiako Ligan egin zituen hainbat denboraldi, txapelketako talderik onenetakoa bihurtuz. Bigarrenak, berriz, goranzko bidea hartu eta Bigarren Mailara igotzea lortu zuen iaz. Igoeraren ondorioz, zuzendariek beste erabaki bat hartu zuten: Espainiako eta Frantziako ligetan ari ziren taldeak elkartu eta Elite Mailarako bideari ekitea. Gauzak ongi hasi zaizkie, azken denboraldian Bigarren Maila irabazi ostean Lehen Mailan arituko baitira sasoi honetan.

Hurrengo helburu zuzena ez da Elitera igotzea, baizik eta denboraldi on bat egitea. Hala ere, urte gutxiren buruan, berriro ere Estatu frantseseko mailarik gorenean egon nahi dute, eta horretarako ari dira lanean.

Jokalaririk gehienak bertan hezitakoak dira, eta horrek berak ere indar handia ematen dio taldeari. Horien artean, ordea, badira hiru izar dirdiratsu ere, izan ere, Marechal, Darami eta Larroque oraindik ere taldean ari dira. Hormadi Elite Mailan aritu zen garaian ere hiru jokalari horiek ezinbestekoak ziren lapurtarren artean, eta, kanpora joateko eskaintzak izan dituzten arren, Hormadin jarraitzeko hautua egin dute urteotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo