GARA > Idatzia > Kultura

Joxe Migel Barandiaran turismo eta kultura eskaintzaren ikur bihurtu dute Ataunen

Lamiek, sorginek eta jentilek Ataunen dute bizilekua oraindik ere. Bertan dute haiei buruzko ikerketa eta kondairek kokalekua, Barandiaran museoan alegia. Ataundar ospetsuenak egindako ikerketak ikusteko aukera ematen du eraikinak, baita hark jasotako kondairak gertatutako tokian entzuteko abagunea ere. Eskaintza turistikoa zabala da, naturaz gozatzeko eta Euskal Herriko ohitura zaharrak berreskuratu eta ezagutzeko.

p036_f02_253x144.jpg

Maddalen LARRINAGA

Aralar mendiaren magalean dago Ataun. Zuhaizti zabalez inguraturik, errepideak zeharkatzen du hiru auzoz osaturiko herria eta, une batez, jentilak noiz agertuko zain bezala geratzen da bisitaria. Halako tokian eraiki da bertako herritar ezagunenetariko baten omenez egindako eta inauguratu berri den museoa; Joxe Migel Barandiaran (1889-1991).

Udaletxea da herriaren sarreran dagoen lehen eraikuntza eta bertan Bittor Oroz alkateak hartu gaitu. Aita Barandiaran Euskal Herriko kultur gizon garrantzitsuenetakoa izan da eta hala izaten jarraitzen du ataundarrentzat. Alkateak berak azaldu duenez, Euskal Herriko mitologiak ez luke bizirik jarraituko, Barandiaranek kondairak jaso ez balitu. Baina ez du bere lana soilik goraipatzen. Pertsona gisa zuen izaera ere ekarri zuen gogora haren txikitako pasarteak kontatuz. Edonorekin jarduteko zuen erraztasuna aipatu du Orozek, txikia zenean Sara-etxean egon baitzen arratsalde oso batez Barandiaranekin. Beraz, Barandiaranen garrantzia dela-eta, Ataungo turismo eta kultura eskaintzaren ikur bihurtu dute museoaren eta antolatuta dituzten ibilbide mitologikoen bidez.

Hamar urteko bidea egin du proiektuak ateak ireki arte. Orozek azaldu digunez, globalizazioaren ondorioz sortzen ari den homogeneotasunaren aurkako proiektu bat da; Euskal Herriaren izaera eta ohiturak gordetzeko ahalegina. Pentsamolde horri jarraiki, museoak ez du beste eraikin estatiko bat izan nahi; «abiapuntua izatea da helburua», zioen Orozek. Izan ere, inguru horretan ikus daitezkeen aurkikuntza antropologikoak eta mitoen kokalekuak erakusten ditu, bisitariak interesgarria iruditzen zaion hori zuzenean ikusteko aukera izan dezan. Museoa gainerako inguru guztia ikusteko bidearen sarrerako atea da, bidaia-agentzia bailitzan.

Jose Migel Barandiaran bere garaian aitzindari izan zen arlo askotan. Apaiz ikasketak egin arren, mitologia ikertu zuen eta kondairak jaso zituen, lamien bihurrikeriak, sorginenak eta San Martin Txiki ataundarrak jentilei egindako adar-jotzeak, besteak beste. Gainera, euskaldunen jatorria ezagutu nahian, hainbat indusketa egin zituen Euskal Herrian; hala nola Aralarren, Ekainen edo Santimamiñen. Kasu honetan, ordea, kokalekua kontuan hartuta, Aralarreko aurkikuntzak dira nagusi museoan, eta bertan topatutako trikuharriak non dauden erakusten du mapa batek.

Barandiaran gugandik hurbilago senti dezagun, hark idatzitako egunerokoetako bat dago irakur dezake bisitariak museoan. Nahiz eta hil baino lehen horiek erretzeko eskatu, osorik mantendu ziren eta, hala, haren kezkak ezagutzeko aukera dugu. Erbestean egon zeneko sentimendu eta pentsamenduak irakur daitezke hainbat hizkuntzatan.

Gatza ez da sukaldean bakarrik erabiltzen, «magia» egiteko ere balio duela gogorarazten digu apaizak. Pitin batekin pikor edo garatxoen gainean gurutze bat eginez gero, desagertu egiten dira. Eta gure etxe inguruan espiritu gaiztoak baditugu, atearen gainean eguzki-lore bat ipiniz barrura sartzea galaraziko diegu. Aita Barandiaranek film batean jaso zituen ohitura hauek guztiak 1928an /zinema zalea zen eta 18 mm-tan hainbat lan filmatu zituen). «Hau da niretzat museoko zatirik magikoena», aitortu du Orozek.

Ataunen guztiak du lotura; inguratzen gaituen naturak, gaur egungo bizimoduari zentzua ematen dion historiak eta gure historia horretan beti izan diren kondairak. Barandiaran museoak hori guztia aurkezten digu toki berean. Jentilen, lamien eta Tartaloren bizilekuan zehar ibilaldiak egin daitezke kondaira horiek guk geuk bizi ahal izateko. «Barandiaran» ibilbidean adibidez, bi ordu eta erdi inguruko iraupena duen bidean zehar Andoni Egañak grabaturiko hainbat ipuin entzuteko aukera izango da. San Martin plazan hasi eta lurrean aurkituko diren otsoen markak jarraituz, bertatik igarotzen den erreka albotik doa bidea eta berehala «Zaindegiko atsoaren esaunda» kondaira entzuteko garaia izango da. Erreka jarraituz, Astigarragako atseden lekuan lamien txanda izango da, herriko gizon baten bahiketa saiakera azaltzen duen horrena. Bidean aurrera eginez, San Martin eta San Gregorio auzoen artean, Ataungo eraikinik ezagunena topatuko dugu, historiaz betea, Sara-Etxea baserria, Joxe Migel bizi izan zen etxea. Hainbeste maitatu zuen Sara herrian etxetzat zuen baserriaren antzera, pareta zuria eta leiho gorriak dituena. Ongietorria sagarrondo batek emango digu etxe atarian. Hortxe hainbestetan egin zuen bidetxoa ikus daiteke eta, bat-batean, mitologiaren magiak lagunduta edo, haren arima antzeman dezake bisitariak. Etxea oraindik ezin da barrutik ikusi, Barandiaran Fundazioaren esku baitago, baina antolatzaileak fundazioarekin hitzarmen bat sinatzea dute helburu, ezin baita Barandiaran benetan ezagutu, liburuz, argazkiz, sariz eta jasotako omenez beteriko haren lantegia ikusi ezean.

Museoa oraindik jaio berria da, hilabete baino gutxiago darama irekita, eta hainbat proiektu zintzilik daude oraindik, «irailetik aurrera dinamizazio planak hasiko ditugu» zioen alkateak. San Gregorioko elizako parrokia-etxean aldi baterako erakusketak jarriko dituzte, baita etxeko txikientzako tailerrak ere; berreskuratze lanak hasita daude dagoeneko. Gainera, museoaren atarian garai bateko jolasak jarriko dituzte, haurrek «telebistaz gain bestelako denborapasak ere badirela ikusteko helburuarekin», azaldu du alkateak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo