GARA > Idatzia > Euskal Herria

Antzuolarrak murgildu dira jada lau egun iraungo dituen jai giroan

Lau egunez jai giroan erabat murgilduta egongo dira Antzuolako bizilagunak, atzo eguerdian hasi baitziren Debagoieneko herriko jaiak. Festetako programa hamaika ekintzek osatzen dute, eta, gaurko egunean adibidez, herritar mordoa bilduko ditu III. Gastronomia Lehiaketak; batzuk gisatua gertatzera hurbilduko dira, eta, beste batzuk, ordea, sukaldariek egindako lana dastatzera. Biharkoan, aldiz, historia handiko Mairuaren Alardearen txanda izango da.

p018_f02_250x120.jpg

Zuriñe ETXEBERRIA |

Antzuolarrak jai giroan buru-belarri murgilduta daude atzo eguerditik. Horrenbestez, igandera bitartean, programatutako hamaika ekintzekin disfrutatzeko parada izango du Deskarga mendatearen magalera hurbiltzen den orok. Anelkar, herriko abesbatza, Antzuolako Udala, Txosna Batzordea, jubilatuak, kintoak, Mairuaren Alardea biziberritzeko taldea, Oinarin, Olalde pilota elkartea, Pausoka, Peña Aiastui, txistulariak eta herritar ugari aritu dira egun luzez aurtengo jaiak prestatzen.

Herriko kanpaiek iragarri zuten atzo festari hasiera eman zitzaiola. Alkatearen hitzen ondoren, udalekuetako umeak zirku-kalejiraren protagonista izan ziren herriko plazan; prestaketa lanetan gogor lan egin zutela nabaria zen.

Arratsaldean, aurten ikurrin dantza ikasten hasi diren Oinarineko umeek emanaldi bikaina eskaini zuten. Ostean, Antzuolako bandera eta ikurrina jaso zituzten. Ondoren, Izer, Alabier eta Lutxurdio taldeen eskutik erromeria doinutan dantza eta dantza ibili ziren nagusi zein gazte. Dantzaldiak gaueko hamabietan, ordu erdiz, eten ziren, izan ere, ordu horretan, elizako kanpandorretik udaletxera hontza nola jaisten zen jarraitu zuten adi-adi antzuolarrek.

III. Gastronomia Lehiaketa

Gaueko poteoak alde batera utzita, ziur aski, Debagoieneko herriko bizilagunak gisatuaren usain gozoaren lurrinaz esnatuko dira gaur. Izan ere, jaietako programaren protagonistetako bat da 09.30ean hasiko den III. Gastronomia Lehiaketa.

Aurten gisatua izango da lehiaketaren protagonista nagusietako bat. Sukaldari taldeek gogotsu ekingo diote lanari. Antzuolan jaio izana edo herrian bizitzea da parte hartzeko baldintza bakarra. Hori bai, gaur arituko diren taldeek aldez aurretik eman dute izena, egunean bertan azken orduan izena emateko aukerarik ez baitago.

Antzuolako gastronomia elkarteek, auzotarrek, koadrilek zein herriko orotariko elkarteek osatutako bizpahiru laguneko taldeak 09.30ean aurkeztuko dituzte Gaztetxe aurreko arkupeetan. Hortik aurrera, gehienez, hiru ordu izango dituzte gisatua bukatzeko. Herritarrek osatutako epaimahaiak 12.45ean ekingo dio sari banaketari. Jarraian, askok eta askok itxarotako momentua helduko da: dastatzea. Hurbiltzen direnek gisatua era ezberdinetan prestatuta probatzeko parada izango dute.

Gastronomia txapelketaz gain, balkoi eta leihoetako lore ederrenak aukeratzeko hemeretzigarren lehiaketako sari banaketa egingo da, 12.45ean. Umeei dagokienez, aldiz, herriko plazan jolas parkea izango dute 11.00etatik 18.30era. Zurrategin poneyan ibiltzeko zein zezentxoekin jolasteko aukera ere izango dute.

Pilotazaleek ere izango dute non gozatu, 19.00etatik aurrera Onsalo eta Mendizabal lehiatuko baitira lau eta erdian. Ostean, Larrañaga-Irureta eeta Muguruza-Jauregi bikoteen arteko partida izango da. Gauean, Arantza eta Pantxoren musikarekin eta suzko zezenekin emango diote amaiera jaietako bigarren egunari.

zapiak

Antzuolako jaietako lepoko zapiak tabernetan daude salgai. Aurtengoek 2009ko Mairuaren Alardea irudikatzen dute. «Alardea denon akorduan ez ezik, esku-eskura ere edukitzeko».

autobusak

Autobus zerbitzu berezia izango da Antzuolako jaietako ostiral eta igandean. Bergara-Antzuola-Zumarraga arteko ordutegiak www.antzuola.com webgunean kontsulta daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo