Tasio Agerre (*) Nabarraldeko presidentea
Udalbiltzaren alde
Ezin gara etxean gelditu absoluzioa ematen duen epai baten ondoren. Espainolek eta frantsesek nahi dutenaren menpe gauden bitartean, gure gizarteak ez ditu bere eskubide oinarrizkoenak bermatuta edukiko, lehena eta funtsezkoena libreki erabaki ahal izatea baita
Estatu espainolaren gaurko antolamendu politikoaren ezaugarrietako bat arbitrariotasuna da. Antidemokratikoak diren beste asko aurki ditzakegu, baina hori da Estatu horren jokabidea hobekien definitzen duena prozesu erraldoiak abian jartzen dituenean, oinarri bakartzat poliziaren txostenak hartuta, Francoren heriotzaren ondoren, Estatuko botere-aparatu gehienetan gertatu zen bezala, inolako garbiketarik izan ez zuen polizia horrenak, alegia.
Ildo horri jarraiki itxi dira hedabideak, «Egunkaria» eta «Egin» adibidez, eta zabaldu dira horiek justifikatzeko prozesuak. Gauza bera gertatu zen 18/98 prozesu tamalgarriarekin. Udalbiltza kasua ere bide beretik doa.
Lehen esan dugunez, polizia frankistak ez zuen inolako esku-hartze edo garbiketarik ezagutu, baina teorian gizartea babesteko Estatuak erabiltzen dituen gainerako tresnek ere ez zuten inolako berrikuntzarik izan. Hortxe ditugu botere judiziala, armada, eliza katolikoa eta beste hainbat.
Frankismoaren oinordeko diren eta garbitu gabe dauden polizia baten eta sistema judizial baten ajeek izugarrikeriak sortu dituzte, adibidez lehen aipatutako prozesuak, eta beste asko, hala nola Kataluniako Estatutuari buruz Auzitegi Konstituzionalak emandako azken epaia.
Puntu honetan Espainiako erregimen politikoaren beste ezaugarri bat dakusagu: bere unitarismo basatia, nazionalismo zaharmindu batean oinarritua, bere Estatuaren legepeko nazioek errespetua eskatzeko edozein adierazpenen aurrean sutan jartzen dena. Joera hori Kataluniako Estatutuari buruzko epai horretan ikusi ahal izan dugu azken aldi honetan, baina inplizituki dago euskal hedabideen edo erakundeen aurkako ekintza horietan guztietan, euskal erakunde horiek naziotasuna aldarrikatzen baitute, hain zuzen ere.
Hori agerian gelditu da hizkuntza eta errealitate nazionala begirada propioaz eta Estatu espainolarena ez denaz ikusten den hedabideetan. Eta baita ere Udalbiltzaren aurkako prozesuan. Izan ere, Estatu espainoleko sistemaren baitan -lurralde-barrutiak, hautes-legeak eta alderdiak- tokiko boterea diren udaletarako hautatutako pertsonen koordinazio nazionala da Udalbiltza.
Alabaina, Udalbiltzak arazo bat planteatzen zuen. Udalbiltzan euskal alkate eta zinegotziak biltzen dira, hain zuzen ere hau aldarrikatzeko: beren euskaltasuna, eta euskaltasun hori antolamendu politiko propio, nazional eta Estatu espainolaren menpekoa ez den batean gauzatzeko nahia. Gehiegizkoa espainolentzat. Eta betikoa egin zuten: «zeraren ingurukoa», «zera sostengatzen duena» edo «zeraren aginduetara egotea» izateaz akusatu. Bistakoa da hori guztia faltsua, bidegabea eta munduko edozein instantzia demokratikoren aurrean defendaezina dela.
Beren oinarrizko egiturak erreformatzea eskatzea gehiegizkoa da haientzat, baina beren arbitrariotasun eta bidegabekeriaren aurrean jartzea errazagoa izan daiteke. Hala ere, ohar gaitezen egoera benetan demokratikoa Nafarroako geure Estatu propioaren jabe garenean izango dugula, Europako gainerako estatuen parekoa dugunean.
Gure helburua hori izanik, Udalbiltzari eta estatu espainolaren egitura bidegabeek jazarritako edozein talderi edo pertsonari ematen diogun sostengua ildo horretatik doa. Ez gara konformatuko «Egunkaria» kasuan izandakoaren bezalako absoluzio batekin. Ezin gara etxean gelditu absoluzioa ematen duen epai baten ondoren. Espainolek eta frantsesek nahi dutenaren menpe gauden bitartean, gure gizarteak ez ditu bere eskubide oinarrizkoenak bermatuta edukiko, lehena eta funtsezkoena libreki erabaki ahal izatea baita. Ezin izango gara lasai bizi hori lortu arte.
(*) Idatzi hau honako hauek sinatzen dute: Luis Mª Mz Garate, Angel Rekalde, Mikel Sorauren, Pello Esarte, Beñi Agirre, Mirari Bereziartua, Víctor Alexandre, Joxerra Bustillo, Antxon Soroa, Rafa Stxez Muxika, Jon Escobosa, Toni Strubell i Trueta, Uxoa Larramendi, Joseba Felix Tobar Arbulu, Iñaki Egaña, José Miguel Mz Urmeneta, Idoia Arrieta, Fernando Sánchez Aranaz, Mikel Enparantza, Margarita Nieva eta Humberto Astibia.