GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zaldibia jomugan, martxa hartu dute Gipuzkoako gazte independentistek

Ttipi-ttapa, independentziaren aldarria Urolatik Goierrira bidean da gazte independentisten eskutik. Gaur arabarren txanda iritsiko da. Hala, Ozeta eta Agurain arteko ibilbidea askatasun grinez zipriztinduko dute.

p015_f02_321x213.jpg

GARA | AZPEITIA

Independentzia beharrak mugituta, hamarka gazte gipuzkoar martxan jarri ziren atzo, euren bandera gorriari astindu ederra emanez. Independentzia eta sozialismoaren aldeko indarrak biltzeko egitasmoa da gazte independentistek udararako antolatuko Gazte Martxak ekimena, eta atzoko etapan ehun bat izan ziren Azpeitiko udaletxeko arkupetan bildutakoak.

Gipuzkoako hainbat txokotatik zetozen gazteak goizean goiz heldu ziren Urola eskualdeko herrira. Motxilak prest eta independentzia aldarrikatzen duen kamiseta gorria soinean zutela iritsi ziren gehienak.

Ezker abertzaleko kide batek eman zien ongietorria Azpeitian eta euren babes osoa agertu zien, «behin eta berriz kolpatua izan arren, euskal gazteriak antolatzen eta borrokatzen jarraitzen duelako etengabe».

Harrera ekitaldia amaituta, motxila hartu eta bideari ekin zioten, Errezil aldera. Bertan igaro zuten gaua, nahiz eta lotarako tarte eskasa hartu antolatuta zituzten ekitaldiak zirela eta.

Gazte Martxak ekimena, mendi ibilaldi arrunt bat izatetik harago, formakuntzarako gune ere bada, eta hala frogatu zuten lehen egunean. Nekazaritza eta hezkidetzaren inguruko tailerrekin ikasteko beta izan zuten bildutakoek. Euskal gazte mugimenduaren historia bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan zuten. Gauean, jai giroan murgildu ziren Alaia Martin, Jokin Uranga eta Nekane Zinkunegi bertsolariek girotutako afariarekin.

Gaur, aldiz, Goierrirantz abiatuko da martxa, Legorretan etenaldia eginez. Bertan, komunikazioa eta Euskal Herriaren historia izango dituzte mintzagai, eta, gauean, poesia emanaldi batekin eta Gartxot bakarlariarekin gozatzeko aukera izango dute.

Biharkoan, azkenik, Zaldibiara iritsitako dira. Hain zuzen ere, bertan emango dute bukatutzat Gipuzkoako Gazte Martxa. Eguerdian, ongietorri ekitaldia egingo diete elektrotxaranga eta batukada doinuekin. Gauean, aldiz, kontzertuak izango dituzte Hesian, Ze esatek! eta Des-kontrol taldeen eskutik martxari bukaera borobila emateko .

Arabarrak ez dira atzean geratu

Gazte gipuzkoarrak ez dira, ordea, egunotan mendiz mendi ibiliko diren bakarrak, gaur bertan baita hastekoa Arabako Gazte Martxa. Ozaetan ekingo diote ibilbideari, 17.ooetan; bi orduren ostean, feminismoa ezagutzeko tailerra izango dute. Bertso tailer bat ere izango dute. Afariaren ostean, aldiz, elkar hobeto ezagutzeko aukera izango dute martxistek helburu horrekin prestatutako jolasen bidez.

Larunbateko etapak Araia du jomuga. Gauean, gainera, bertako gazteek antolatutako jaialdiarekin gozatzeko beta izango dute martxistek akelarre eta edabe magiko eta guzti. Arabako martxa igandean amaituko da, Agurainen. Krisiaren inguruko hitzaldiaren ostean, herri bazkaria, kalejira eta kontzertuak izango dituzte.

Gurean independentziaren aldeko olatua biltzen eta aktibatzen ari den honetan, proiektu independentista «edukiz janztera» datoz gazteak ere. Hala, eskualde eta herrialdetan antolatutako martxekin euskal gazteak bildu eta «herri honek duen aukera bakarra independentzia dela erakusteko asmoa» dute gazte independentistek.

alternatibak

Mendi ibilaldi huts bat izatetik urrun, gazteen arazoei heltzen diete parte hartzaileek martxan zehar. Arazo horiei irtenbidea nola eman eta dauden alternatiben gainean ere eztabaidatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo