GARA > Idatzia > Euskal Herria

Datozen hiru egunotan danborradak izango dira nagusi Karmengo jaietan

Danbor hotsez beteriko hiru jai egun dituzte aurrez aurre trintxerpetarrek. Asteburuan protagonismoa bereganatuko duten kirolak, musikak eta gastronomiak ere aipamen berezia merezi dute. Ezin aipatu gabe utzi Mexikotik eta Senegaletik beraien kulturen berri emateko asmoz iritsi direnak ere. Guztiak bilduko dira itsasoarekin estuki lotutako Trintxerpen.

p019_f02.jpg

Nagore BELASTEGI |

Trintxerpeko Karmengo jaiak aurrera doaz, baina oraindik ere hiru egun luze daude aurretik Pasaiako barruti jendetsuenean umore onez bustitzeko. Astearterako ere ekitaldiak antolatuta zituzten arren, txupinazoak atzo arratsaldean eman zien hasiera jaiei. Aurretik, garaikurrak eta plakak eman zizkieten jaietako alkateei -gizonezko bat eta emakume bat-, eta danborradako dama eta mister dotoreei. Gauean, aldiz, danborrak astindu zituzten trintxerpetarrek auzoetan barna soinu erritmikoak zabalduz.

Gaur indarberriturik eta goiz-goizetik hasiko dute eguna. 09.00etan diana kontserbatoriotik abiatuko da, eta Donostiatik, Urgulletik, Andonategitik, Bordaeneatik, Arrandegitik, Serafin Esnaola plazatik eta Euskadi etorbidetik igaroko dira. 11.00etan pilota partidak egongo dira pilotalekuan eta ordubete geroago meza nagusia izango da Karmengo Amaren elizan.

Erraldoi eta buruhandiek kalejira egingo dute 13.00etan Azkueneko pistatik hasita; Serafin Esnaola plazara eta Gudarien enparantzara ere joango dira. 16.00etatik aurrera mus txapelketa egingo dute pilotalekuan, eta, 17.00etatik aurrera, berriz, eskola arteko hockey txapelketa Andonategiko futbol zelaian. Ordu berean haur tailerrak egongo dira Azkueneko parkean.

18.00etan marinelen danborrada hasiko da Trintxerpeko itsasgizonen omenez. Karmengo elizatik abiatu ostean, Euskadi etorbidera iritsiko dira danbor hotsak; ostean, pantalanean ontziratuko dira. Itsasoz dorrerainoko joan-etorria egin eta gero, Esnabidetik jarraituko dute. Gero, Euskadi etorbidera joango dira berriz ere Jaizkibeletik eta Azkuenetik pasatuz.

18.30ean hockey partidua egongo da Andonategiko futbol zelaian Felix del Estal eta Fermando Dominguezen oroimenez. 20.00etan, aldiz, Azkueneko pistan Jose Maria Elgezabalen omenezko areto futbol txapelketako finalerdiak jokatuko dira.

20.30ean Mariachi Juvenil Veracruz taldeak kalejira egingo du Azkuenetik Euskadi etorbidera, eta, 21.00etan, familien danborradak barrutia zeharkatuko du. Ostean, tripa betetzeko aukera izango dute gerturatzen diren trintxerpetarrek. Izan ere, 22.00etan sagardotegiko menua jateko aukera izango da pilotalekuan. Helduek 28 euro ordaindu beharko dituzte; haurrek, berriz, 16. Gaua ondo amaitzeko gustu guztientzako musika egongo da 23.00etatik aurrera. Serafin Esnaola plazan Mariachi Juvenil Veracruz taldeak joko du eta Gudarien plazan Sakakeitan, Kaleginez eta Roll Over taldeek.

Jaiak ez du etsiko

Biharko eguna ekitaldi gehien biltzen dituen eguna izango da. 09.00etan dianak musika zabalduko du Trintxerpen zehar. 10.30ean toka eta bote txapelketa egongo da azokaren ondoan. 11.00etan «Mater» museo-barkua kaira iritsiko da eta doako bisitak eskainiko ditu 14.00ak arte. Bertan egongo da igandera bitartean; hori bai, bihar arratsaldetik aurrera sarrera ordaindu beharko da ontzia bisitatu ahal izateko.

Haurren eskulan lehiaketa ere eginda da bihar 11.00etan azokaren aurrean. 12.00etan, berriz, aiton-amonentzako meza egongo da Karmengo Amaren elizan. Ordu berean Gudarien plazan Senegaleko janari dastatzea hasiko da.

12.30ean azokaren ondoan herri kirolak egongo dira eta 13.00etan erraldoi eta buruhandiak aterako dira Azkueneko pistatik. 14.30ean senidetasun bazkaria ospatuko da Lintzirin hotelean eta 16.00etan Senegaleko Yembeak taldeak kontzertua eskainiko du Gudarien plazan. 17.30ean danbor-hotsen txanda izango da berriro Azkueneko danborradaren eskutik.

18.00etan Beteranoen futbol partida hasiko da Andonategiko zelaian eta Azkueneko pistan areto futbol txapelketako hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida jokatuko dute. Finala 17.00etan izango da. 18.30ean azokaren ondoan sardinak eta sagardoa banatuko dituzte gosea pixka bat asetzeko, baina 21.30ean bakailao afari herrikoia ospatuko denez, hobe asko ez jatea.

23.00etan rock kontzertuak egongo dira Gudarien plazan The Lirium Tremendos, Kañeria eta Harrika taldeen eskutik. Ordu berean Serafin Esnaola plazan dantzaldia hasiko da Ketchucky Triorekin eta ordubete geroago Nemux Professional Music taldeak gazte jaia hasiko du.

Igandean, jaien azken eguna izan arren, giroak ez du hutsik egingo. 09.00etan diana egongo da, aurreko egunetan bezala. 10.00etan Andonategiko pistan puzgarriak jarriko dituzte haurrentzat, eta, ordu laurden bat beranduago, XXI. Atletismoko Julio Montoya Memoriala hasiko da. 12.00etan haur lasterketa egingo da Andonategiko plazatik Gernika plazaraino; bertan, Scrabble jolas erraldoia egingo dute «Tratu ona nahi dut» goiburupean adingabekoen aurkako tratu txarrak salatzeko.

13.00etan Musika bandak emanaldia eskeiniko du Serafin Esnaola plazan eta 17.00etan borroka arteen erakustaldia egingo dute pilotalekuan. 17.30ean Amuieta taldearen danbor hotsak Trintxerpen zehar entzungo dira. 18.00etan bertsolari txapelketa ospatuko da Gudarien plazan, eta, 19.30ean, emakumeen danborrada hasiko da Serafin Esnaola plazan.

21.00etan Sastakai txaranga Trintxerpeko kaleetan ibiliko da aurtengo azken animoak pizten, eta 22.30ean jaiei hurrengo urtera arte agur esateko ordua izango denez, zezen-suzkoa aterako dute azokaren aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo