GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Argentinak urrats garrantzitsua eman du

Homosexualen arteko ezkontza zibilak legeztatuz Cristina Fernandezen Gobernuak apustu sendoa eman du diskriminazioaren aurka. Horrelako neurri bat hartzen duen Latinoamerikako lehendabiziko herrialdea eta mundu osoko hamargarrena da Argentina. Meritu handiko urratsa da, zalantzarik gabe, Gobernuak eta senatariek jasan dituzten presioak handiak izan baitira. Hasteko, Elizaren aldetik. Hierarkia katolikoak ez ezik bestelako talde fundamentalistek ere hartu dute parte ekimen legegile honen aurkako lanean, aurkariek «Jainkoaren guda» izendatu duten kanpaina gogorra eginda. Elizek indar handia dute Latinoamerikan eta gizartea zatitzeko apustua egin dute, era guztietako argumentuak emanez baina matxismoa eta kontserbadorismoa ezkutatu ezinik. Aldiz, oraingoan indar aurrerakoien gehiengoak aurre egin die eta legea aurrera atera du. Ez da gutxi. Batzuk neurriari kutsu elektoralista ikusi nahi izan diote, zenbait sektore aurrerakoitan Gobernuak babesa galdu duelako. Baina hori kirnechtarren aurkako ohiko argumentua bilakatu da honezkero. Gehienentzat, nolanahi ere, atzoko eguna «historikoa» izan zen. Eskubideak bermatzearen aldeko neurria den heinean, eskualdean aitzindaria den heinean eta sektore kontserbadoreen presioa gainditu duen heinean, hala izan zela baiezta daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo