Lan erreforma
Markel IRIZAR | Txirrindularia
Ia oharkabean, Tour erdia baino gehixeago pasa zaigu. Alpeak pasa ditu lasterketak, eta orain, Pirinioak bitartean, ihesaldi eta esprinterrentzako aukera batzuk suertatzen dira.
Hori dela eta, Sergio Paulinhok irabazi zuen etaparen harira, gaurko zutaberako ideia bat etorri zitzaidan burura. Nahi nuke naizena baino apur bat objektiboagoa izatea, baina zer nahi duzue esatea, neure lagun bat tartean dagoenean, ahaztu egiten ditut neutraltasunak eta neure burutazio eta sentimenduei kanpora irteten uztea besterik ez zait geratzen.
Paulinhok lortutako garaipena langile peto baten garaipena izan zen. Sergiok, izugarrizko berezko talentua izan arren, bere kirol aukera guztiak baztertu izan ditu bere taldeburuen mesedetan lan egiteko. Etapa gogorrenetan, bere nagusiak dutxatuta, podiumean igota ala kazetariekin elkarrizketak egiten ari diren bitartean, gurdikada bat minutu galduta gruppetto-an helmugaratzen da, hurrengo egunean ere bere nagusia haizearengandik babesteko, pelotoitik tira egiteko ala dena delakoa egiteko prest egoteko.
Urte luzetako borroka eta aldarrikapenen ondorioz lortutako eskubideak langilegoari kentzera doazen une honetan, aitortu behar dut ezarri nahi diguten legedi berria baino askoz ere nahiago dudala asteazkenean Sergiok eginiko erreforma. Egun batez bada ere, besteen mesedetan ibili gabe, bere aukerak baliatu eta bere begiek helmugan dir-dir egin ahal izan zuten. Segur aski, aspaldi ez zuen horrelako sentimendurik izango. Aitatxok, bere alaba Beatrizi etapa eskaini ahal izan zion. Egun batez, bera iritsi zen nagusia baino lehenago! Podiumean zela, bere lankideak, gehienetan gruppetto-an lagun izaten dituen horiek, nola helmugaratzen ziren ikusi zuen, eta egun batez bada ere, berau izan zen flashen helburu.
Horretxegatik, beste batzuen mesedetan horrenbeste eman duen bati gauzak ondo irteten zaizkiola ikusteak poztu egiten nau, eta berak, egun batez bakarrik bada ere, bere ohiko lana utzi eta dirdira pertsonala izaten duenean, zinez aitortu beharra daukat burura gauza bakar bat besterik ez zaidala etortzen: zergatik ez dira lan erreformak bere nagusien mesedetan horrenbeste eman dutenen eskubideak hobetzeko aplikatzen?
Aitortu beharra daukat nahiago dudala herenegungoa, non egun bakar batez bada ere nagusiak eta langileak, eskubide, sari eta errekonozimendu berdina izan zuten. Nik Paulinhoren erreforma nahiago dut, eta zuek?