ESAIT | Euskal selekzioen ofizialtasuna
Tourmalet gaina, ikurrinez blai
«Euskal Herria existitzen dela eta ez dela ez Frantzia ez Espainia aldarrikatzeko» hilaren 20an, 21ean eta 22an egingo den Euskal Selekzioen Aldeko X. Bizikleta Martxa aurkeztu du ESAITek.
Imanol CARRILLO
Tourreko tropela Pirinioetara eta, bereziki, Tourmalet gainera iristen ari dela-eta, Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak, ESAITek, hilaren 20, 21 eta 22rako antolatu duen X. Bizikleta Martxa aurkeztu zuen atzo.
Aurreko edizioetako helburu bera du ekimenak. Hau da: euskal txirrindulariak animatzeaz gain, Tourrak mundu osoan duen indar mediatikoa baliatzea euskal selekzioen ofizialtasunaren eskakizuna munduko bazter guztietara eramateko.
Oraingoan, gainera, beste xede bat ere badute martxaren antolatzaileek: Euskaltel-Euskadi taldeko autobus eta autoetan jarri dituzten «Spain» eta «Espagne» leloekin ados ez daudela agertzea. Izan ere, ESAITen ustez, «Eusko Jaurlaritzak Euskaltel Euskadi taldea publizitate hori eramatera behartu du».
Halaber, Martxel Toledo ESAITeko zuzendariak adierazi zuenez, «Euskal Herria existitzen dela aldarrikatu nahi dugu. Tourmalet mendatean argi eta garbi utzi behar dugu Euskal Herrikoak garela, ez Espainiakoak edo Frantziakoak».
Horiek horrela, Tourmaletera gerturatzen diren zale guztiei ikurrinekin joateko deia egin diete ESAITeko kideek. Ikurrinak eramaten ez dituztenentzat, gainera, «Basque Country-A nation, a team-Euskal Herria» lelodun 6.000 ikurrina banatuko dituztela aurreratu dute.
Aurtengo beste nobedade garrantzitsuena ekimena ez dela egun bakarrean geratuko da. Izan ere, Tourra Tourmaletetik bi aldiz pasako denez eta tartean atseden eguna izango denez, euskal selekzioen aldeko ekimenak hiru egun luzatuko dira.
Lehenengoan, hilaren 20an, ohiko bizikleta martxa egingo da, 11.00etan La Mongie herritik irten eta Tourmalet gainean amaituz. Ibilbideak 5 kilometro ditu eta martxa «era lasaian» egingo dute. Hilaren 21ean, asteazkena, ekitaldi mordoa izango dituzte. Hasteko, 10.00etan, Tourmaleten hasi eta Midi du Bigorren amaituko den mendi martxa egingo dute. Ibilbidea hiru ordutan egingo dute. Ekimen nagusia 17.00etarako utzi dute. «Ekimen politiko baten antza» izango duen Euskal Jaia egingo dute; hori bai, musika eta bertsoekin girotuta, eta pintxoak, sagardoa, txistorra, gazta eta garagardoa dastatzeko aukera paregabearekin.
«Gurea oso karrera luzea da»
Eleuterio Jauregi Beloki musikaria ere izan zen atzokoan Donostian egindako agerraldian. «Trikitilariak, herri musikan dabiltzan guztiak, dultzaineroak adibidez, animatzen ditut ekimen honetan parte har dezaten», nabarmendu zuen trikitilari ezagunak.
Mikel Mendizabal bertsolariak, aldiz, euskal selekzioaren helburua gauzatzeko bidea luzea izango dela adierazi zuen: «Herri bat errekonozitzeko bidea oso luzea da, eta gurea ere oso karrera luzea izango da. Bakoitzak osatzen dugu herri baten izaera. Tourmaleteko etapa garrantzitsua da guretzat».
Azkenik, hilaren 22an, ostegunean, berriro ere bizikleta martxa egingo dute, 10.00etan. Oraingo honetan, aldiz, Bareges herrian hasi eta Tourmalet gainean amaituko da. Orotara, 11 kilometro.
Alustiza autobus-agentziak bidaia antolatu du Tourmaletera joan nahi duten pertsonentzat. Telefono honen bidez eman daiteke izena igandea baino lehen: 656782999 (Jeronimo).