GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Bertan behera gelditu da Toquinhok Jazzaldian eman behar zuen kontzertua

p054_f02.jpg

O. L. | DONOSTIA

Toquino musikari eta gitarra jotzaile brasildarrak kontzertua eskaini behar zuen Kursaalean datorren uztailaren 24ean, baina, azkenean, atzo Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak baieztatu zuenez, kantaria ez da Donostian izango Brasilen duen konpromiso baten ondorioz. Azalpenaren arabera, iragan ekainaren 29an saio berezia grabatu behar zuen Toquinhok Globo TV kate brasildarrarentzat; aldiz, faringitis baten eraginez ezin izan zen grabaketa hura egin. Hain zuzen ere, datozen uztailaren 25ean eta 26ean egingo dute programa. Egutegi kontua dela-eta, Toquinhok bertan behera utzi du emanaldia. Azken orduko erabakia izanik, Jazzaldiak ez du beste kontzerturik programatuko brasildarraren hutsunea betetzeko. «Egun gutxi gelditzen direla kontuan hartuta, zaila da Toquinhoren neurriko eta estiloko musikari bat topatzea», azaldu zuen Martinek.

Emanaldiaz gozatzeko sarrera edo Kursaaleko abonua erosita zuten ikusleei dirua bere osotasunean bueltatuko diete; azken horiei, noski, Toquinhoren kontzertuagatik dagokien kopurua. Dirua itzultzeko hainbat bitarteko jarriko dituzte; horrenbestez, musikazale bakoitzak txartela erosteko erabili zuen bitarteko bera erabili ahal izango du.

Neurri bereziak

Bestalde, Patti Smithek datorren asteazkenean Jazzaldia irekitzeko eskainiko duen kontzertua prestatzeko neurri bereziak hartu dituzte antolatzaileek. Zuzendariak adierazi zuenez, Zurriolako hondartzara beirazko botilak edo ontziak eramatea debekatu egingo dute. Neurria betearazteko kontrolak izango direla ere aurreratu zuen.

Hondartza sarbideei dagokienez, ohiko sarrerak zabalik izango dira; hori bai, morrua eta ondoko eskailerak itxi egingo dituzte, larrialdi zerbitzuak bertan egongo baitira. 19.00etatik aurrera, gainera, Kursaaleko terrazetako sarbidea eta Kubo Aretoaren atzealdea itxiko dituzte. 19.30ean, terrazetako sarbidea eta Kubo Aretoko atzealdea irekiko dituzte; Ni Neu jatetxe ondoko sarbidea, aldiz, itxita mantenduko dute. Sarbide guztiak kontzertua amaitu eta 15 minutura zabalduko dituzte.

Zurriola inguruetan trafiko arazoak ekiditeko, autoentzako aparkaleku bereziak ezarriko dituzte kontzertu egunean Miramon eta Poliklinikako errepidean eta Illunben. Azken horretatik Zurriolara bertaratzeko autobus zerbitzu berezia izango da. Hain zuzen ere, 19.00etatik kontzertua amaitu arte Illunbetik Boulevardera joan-etorriko bidaiak egingo dituzten autobusak jarriko dituzte Donostiara autoz hurbiltzen diren guztientzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo