GARA > Idatzia > Mundua

Urpeko putzuak petrolioa isurtzen jarraitzen du Mexikoko Golkoan

Marea beltza gelditzeko asmoz astelehenean jarri zuten kanpaiaren proba bertan behera geratu zen atzo, hodi batean isuri bat topatu ondoren. Isuria gelditzeko proba bi aldiz utzi behar izan du jada bertan behera aste honetan British Petroleum konpainia britainiarrak.

GARA |

Orain dela hiru hilabetetik Mexikoko Golkoan petrolioa isurtzen ari den urpeko putzuko ihesa kontrolatzeko, kanpai bat jarri zuten astelehenean. Aldiz, atzokoan saiakera bertan behera utzi behar izan zuten berriz ere isuri baten eraginez.

Kanpaiaren eraginkortasun proba asteartean egin asmo zuten hasiera batean, eta, gehienez ere, 48 orduko iraupena izan behar zuen. Hala ere, BP petrolio konpainia britainiarrak proba bertan behera utzi behar izan zuen asteartean.

Berriro lanera itzuli ostean, atzokoan berriz ere utzi behar izan zuten bertan behera proba. Izan ere, prestaketa lanetan ari zirela, hodi batean isuri bat zegoela ikusi zuten BPko langileek. Ondorioz, lanean hasi baino lehen arazoa konpondu beharra duela adierazi du multinazional britainiarrak. Probaren helburua urpeko putzuak kanpaiaren presioa jasateko duen ahalmena egiaztatzea da. Top Hat 10 izenarekin aurkeztuko kanpaiaren helburua, behin betiko marea beltza gelditzea da.

Ekainean ere beste kanpai bat jarri zuen konpainia britainiarrak, baina alperrik. Astelehenean kanpai handiago batekin saiatzea erabaki zuen konpainiak, betiere petrolio isuria guztiz gelditzeko asmoz. Kanpaiarekin urpean jasotako petrolioa lurrazalera eraman nahi dute, bertan ontziek erregaia jaso dezaten.

British Petroleum konpainiaren jabetzako Deepwater Horizont plataformak apirilaren 22an egin zuen eztanda; istripuak 11 hildako eragin zituen eta plataforma bera hondoratu egin zen.

Kanpai berriarekin egunero 80.000 petrolio upel jasotzea espero dute. Aurrekoak, 25.000 upel bakarrik jasotzen zituen. AEBetako gobernuak ohartarazi duenez, probak gelditu egingo dituzte ekosistemarentzat arriskutsuak direla egiaztatzen baldin badute.

british petroleum

BPren jabegoko Deepwater Horizont plataforma apirilaren 22an hondoratu zen, AEBek inoiz jasandako hondamendi ekologiko handiena eraginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo