Soldata publikoen murrizketaren aurkako helegitea, onartua
GARA |
Entzutegi Nazionalak onartu egin du CCOOk soldata publikoen murrizketaren aurka jarri zuen helegitea. Gobernu espainiarrak, gastuak murrizteko neurrien artean, administrazioko eta enpresa publikoetako langileen soldatak murriztea erabaki zuen, %0,56 eta %7 bitartean. CCOOk helegitea jarri zuen krisiaren aurka Zapateroren Gobernuak hartutako erabaki horren aurka, «langile publikoek zituzten eskubideak berreskuratzeko».
Joan den uztailaren 9an administrazioaren aurkako auziez arduratzen den Entzutegi Nazionaleko seigarren aretoak onartu egin zuen CCOO sindikatuak jarritako helegitea. Horren bitartez, sindikatuak funtzionarioen lan sarien murrizketa geldiarazi nahi du. Helburu horrekin, sindikatuko hiru federazio ezberdinek jarri zuten Zapateroren Gobernuaren aurkako helegitea; Hiritarrentzako Zerbitzuak, Hezkuntza eta Osasungintza eta Giza Osasuna federazioek, hain zuzen ere.
Orain Gobernuak hogei eguneko epea izango du Entzutegi Nazionalera bere azalpenak bidaltzeko. Entzutegi Nazionalak UGT sindikatuak erabaki beraren aurka jarri zuen helegitea ere onartu du.
Horrez gain, soldata publikoen murrizketaren aurka Herriaren Defendatzailearen aurrean konstituzio kontrakotasuneko helegitea jartzeko ere eskatu dio Entzutegi Nazionalak UGTri. Orain sindikatuak zer erabakitzen duen ikusi beharko da.