AIPAGARRIAK
«Milioi bat lagun eduki nahi ditugu» dokumentaleko grabazio lanak, Errenterian
M. LARRINAGA | ERRENTERIA
Naniano, Zinea Sortzen eta Contrasentido ekoiztetxeek «Milioi bat lagun eduki nahi ditugu» dokumentala grabatzeko lanak hasi zituzten atzo Errenterian. Prentsaurrekoa baino lehen, lehenengo grabaketak egin zituzten, eta, prentsarekin hitz egin bezain laster, furgoneta hartu eta lanera itzuli ziren.
Uztaila eta abuztua bitartean espainiar Estatuko hamasei herri bisitatuko dituzte bertako festetan parte hartu eta grabaketak egiteko. Goizetan lanbide mota askori buruzko tailerrak egingo dituzte herritarrekin, eta, arratsaldetan, aldiz, filmazio lanen txanda izango da. Ilunabarrean film labur bat eskainiko dute herritarrek egindako lanaren emaitza ikus dezaten; film labur horiek herritarrek proposatutakoak izango dira.
Proiektuaren helburua zinemagintzan egun mugitzen diren milioika euroko aurrekontuak izan gabe ere lan duinak egin daitezkeela erakustea da. Beste xede bat ere bazuen lantaldeak buruan: herriari zinema munduaren atzeko aldean ezkutatzen dena erakustea. Bide batez, Los del Gas taldeko Piratak nabarmendu zuenez, zinema zaletasuna herritarren artean hedatu nahi dute, «ikus-entzunezkoen munduaren egoera eta filmazio baten nondik norakoak azalduz».
Proiektuaren azken helburua bidaian zehar bildutako material guztiarekin zinema aretoetan eskainiko den 90 minutuko dokumental bat egitea da. Bidaiaren gorabehera guztiak erakutsiko dituen hamahiru kapituluko reality bat ere egingo dute.
Ekimenean Los del Gas musika taldeak hartuko du parte. Roberto Carlos abeslari brasildarraren «Queremos tener un millón de amigos» abestiaren rock bertsioa egin dute jadanik. Gainera, Kukuxumusuko Mikel Urmenetak proiekturako sortutako elastiko berezi bat ere egin du. Horien salmentatik ateratako diruarekin ordaindu nahi dituzte bidaiaren gastuak; «kamiseta pare batekin 100 kilometro baino gehiago egiteko gasolina ordainduko dugu», zioen taldekide batek.
Guztira hamasei herri bisitako dituzte, besteak beste Ciudad Real, Jaen, Errioxa, Badajoz edo Alacanten. Aste honetako larunbat eta igandean Kantabriako Mataporquerako jaietan hartuko dute parte. Bertatik, Valladolideko presondegira joango dira. Andaluziara iristean, bertako minusbaliatuen elkartearekin egongo dira. Huescan, aldiz, zinema udaleku batzuetako haurrekin dira elkartzekoak.