GARA > Idatzia > Mundua

Armak uzteko prest agertu da PKK, Turkiarekin negoziatzeko baldintzapean

Turkiako Gobernua eta bere menpe bizi diren kurduak aurrez aurre izan dituen 26 urteko gatazkaren ondoren, PKK-k atea ireki dio konponbideari, armak uzteko prest agertuta. Horretarako, Ankarak eskubide politiko eta kulturalak aitortu beharko lizkieke kurduei.

GARA

«Kurdistango gatazka bide demokratikoetatik eta elkarrizketaren bidez konpontzen baldin bada, armak utziko ditugu, bai. Ez dugu armarik erabiliko», baieztatu zuen PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buruzagi Murat Karayilanek.

Kurdistan irakiarreko mendialdean BBC kate britainiarrari emandako elkarrizketan, PKK-k plazaratutako asmo-adierazpenak ez du zalantzarako tarterik uzten: errebelde kurduak prest daude, Nazio Batuen Erakundeak ikuskatuta, armak uzteko, baldin eta Turkiak su-etena adostu eta zenbait baldintza onartzen baditu.

Akordioa erdiestekotan, 26 urtez luzatu den gatazka konpontzeko bidea irekiko litzateke.

PKK-k, besteak beste, zibil kurduen aurkako erasoak zein politikarien atxiloketak bertan behera uzteko exijitzen dio Turkiari.

Talde errebeldea herri kurduari hizkuntza eta kultura eskubide gehiago onar diezazkioten aritu izan da lanean. Kurduak Estatu turkiarreko biztanleriaren bosten bat (12-15 milioi) osatzen dute, datu ofizialen arabera.

Turkiak, Amerikako Estatu Batuek eta Europar Batasunak «erakunde terroristatzat» hartzen dute PKK.

Independentzia

Alabaina, turkiarrek keinu horri behar bezalako erantzuna ematen ez badiote, kurduek «independentzia aldarrikatuko» dutela ohartarazi dute.

«Kurduen arazoa eztabaidaren bidez konpontzen bada, guk armak utziko ditugu. Baina Gobernu turkiarrak hori onartu nahi ez badu, independentzia aldarrikatu beharko dugu», argitu zuen Karayilanek, Abdula Ocalan kartzelan isolatuta dagoen PKK-ko buruaren de facto-ko ordezkoak.

BBCk emandako informazioaren arabera, Turkiako Gobernuko bozeramaile batek «terroristek eginiko adierazpenei» erantzuteko ohiturarik ez dutela esan zuen.

Alde biko su-eten bat aurrerapauso handia izango litzateke PKK eta Turkia aurrez aurre dituen gatazka luzeari -1984an hasi zenetik ia 40.000 hildako eragin ditu- irtenbidea emateko.

Oraingoz, PKK-k, Kurdistan irakiarrean duen basea baliatuta, Turkian erasoak egiten jarraitzen du. Aipatu erasoei Ankarak airez zein lurretik eginiko erasoaldiekin erantzun die. Alde biek gerrillariei baino ez dietela eraso egiten esan arren, zibilak hil izana leporatzen diote elkarri.

BBCren ustez, Gobernu turkiarrak terroristatzat duen erakunde batek emandako aurrerapauso gisa uler lezake PKK-k eginiko alde bakarreko independentziaren aldarrikapena.

ERASOA

Turkiaren menpeko Kurdistandik igarotzen den Turkia eta Iranen arteko oliobide bati eraso egin zion atzo PKK-k, Agri probintziako gobernadoreak emandako informazioaren arabera. Lehergaiekin eginiko erasoaldi honek kalte materialak baino ez zituela eragin gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo