GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Atseden eguna

Markel IRIZAR | Txirrindularia

Ia konturatu ere egin gabe, Frantziako Tour honen azken txanpan sartu gara. Tourraren aitzin etapari buruzko zutabea orain gutxi idatzi nuen sentsazioa daukat, baina, ziur, bizikleta gainean doazen nire kideek ez dutela gauza bera pentsatuko. Izugarrizko egurra hartu eta gero, tropel erdia baino gehiago lehertuta iristen da azken aste honetara. Bigarren atseden egun hau, fisikoki nahiz psikologikoki indarrak berritzeko erabili ohi dugu txirrindulariok.

Normalean, goizean presarik ez dagoenez, ohi baino tertulia luzexeagoa izan ohi da. Bapo lo egin eta gero, iratzargailurik gabe, gorputzari nahi beste lo egiten uzten diogu. Lasai gosaldu eta gero, entrenamendu txiki bat. Eta txikia esaten dudanean, oso txikia da. Sailkapen nagusiko txirrindulariek, jokoan asko dutenez gehixeago egin ohi dute, baina hurrengo egunean aukera gutxi dituenak asko jota 30 bat kilometro besterik ez ditu egiten. Normalean, entrenatzen goazela, eta eguraldia lagun bada, terraza batean jarri, eta kafetxo bat hartzera gelditzen gara talde guztiak. Horrela, taldekideekin solasean, lasterketako gorabehera eta tentsioak alde batera uzten ditugu. Bazkaldu eta gero, siesta ederra, eta eguneko onena: familiaren bisita! Atseden egunak, gorputzari mesede handia egiten dio, baina norbere lagun, familia edo seme edo alabak ikusteak kargatzen ditu gehien pilak.

Urteekin zerbait ikasi badut, zera da: gorputza oso ondo egon arren, burua beste nonbait denean, ezin dela ehuneko ehuna eman. Horrexegatik, entrenamenduetako lagun dudan Velascorekin hitz egin eta gero, pena apur batekin geratu naiz. Badira ia bi aste bere alaba Nora jaio zela, eta oraindik aitak ez du alaba ezagutzen. Behar zuena baino hilabete eta aste bat lehenago jaio zenez, sendagileek bidaiarik ez egitea gomendatu diote, eta Mahoma mendira ezin denez joan, Mendia egon da Mahomarengana joatekotan. 250 km ziren Arrasatera, eta beste 250 bueltan! Azkenean bidaia ez egitea erabaki dute, eta Ibanek Paristik bueltatu arte ezingo du Nora ezagutu. Ziur, fisikoki ohean etzanda egoteak, bere sasoiari mesede egingo ziola, baina nahiz eta 500 km horiek autoz egin, alaba ezagutu, beso artean hartu, emazteari laztan bat egin, eta malkoren bat isurtzeak sarritan indar handiagoa ematen duen ustea daukat.

Hala ere, zoritxarrez gauzak datozen bezala onartzea beste erremediorik ez da geratzen! Pariserako horren gutxi gelditzen zaien tropeleko kide guztiei, animoak bidali nahi dizkiet. Ziur naiz hankako min latza dutela, baina laster etxeko lasaitasunean egotearen irrika horrekin, berehala pasako zaizkie azken egun onak. Horrela ba, zorte on datozen egunetarako, eta egon zaitez lasai Iban, Nora txikia berehala esku artean hartu eta gozatu ahal izango duzu eta. Besarkada bero bat!

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo