GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Zesta puntako Buruz Buruko Munduko Txapelketaren aurkezpena

Goikoetxea, zortzigarren txapela lortzeko faborito

Zortzi pilotarik hartuko dute parte bihartik aurrera. Partida guztiak kanporaketa zuzenak izango dira.

p038_f01_555x555.jpg

Arnaitz GORRITI

Iñaki Osa Goikoetxea da beste behin zesta puntako munduko txapelketa eskuratzeko faboritoa. Puntista gipuzkoarrak zortzigarren txapela gura du bihar martxan jarriko den lehiaketan.

Hala ere, ez zaio aurkaririk faltako, atzoko Abadiñoko aurkezpenaren ondotik: Master Jai-ko Lander, Enbil eta Beaskoetxea -berritasuna Irastorzaren lekuan- eta Jai Alive-ko Lopez -iazko txapeldunordea-, Egiguren II.a, Hernandez eta Erkiaga.

Bihar bertan, Markinan, gaueko 22.30ean hasita, abiatuko da munduko txapelketa, aurreneko final-laurdenarekin. Lopezek eta Beaskoetxeak neurtuko dituzte indarrak. Galtzailea txapelketatik at geratuko delarik, irabazleak Egiguren eta Enbilen arteko demako garailea izango du aurkari finalerdietan. Hauek larunbatean jokatuko dute, Donostian, 19.00etatik aurrera.

Txapelketaren beste adarrean, berriz, Lander eta Hernandez lehiatuko dira. Igandean, 17.30ean, Markinan. Goikoetxeak astelehenean, hilaren 26an egingo du debuta, Gernikan, 17.30ean, Erkiagaren aurka.

Finala erabakitzeke

Lander-Hernandez eta Goikoetxea-Erkiaga partidetako garaileak Markinan neurtuko dira, aurreneko finalerdian, hilaren 30ean, 22.00etan. Bigarren finalerdia biharamunean jokatuko da, 19.00etan, Donostian. Final handia, aldiz, abuztuaren 7an edo 8an jokatuko da, eta erabakitzeke daude frontoia eta ordua.

Denen ahotan izan da Goikoetxea, baina zumaiarrak ez du argi ikusten: «Partida bakarrera zernahi jazo liteke; ez dut nire burua faborito ikusten. Erkiaga eta biok Miamin jokatzen dugu eta ongi ezagutzen dugu elkar».

Imanol Lopez herrikidearen iritziz, «txapelketa prozesu bat da, pausoz pauso joan beharrekoa. Iñaki [Goikoetxea] da faborito, eta horrek besteoi presioa kentzen digu. Baina, era berean, nornahik irabaz dezake, kalitatea sobera baitago».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo