Zuberoako Egargeia etxaldea espekulaziotik libratzeko ahaleginak batu dira
Oraingoan garaiz esku hartu du Larraineko Herriko Etxeak Egargeia etxaldea espekulazioaren atzaparretatik libratzeko saiakeran. Herrian laborantza jarduera nagusi izaki, SAFER erakundeari dei egin eta urteetan eremua erabili duen laborariaren eskaintza babestu du.
GARA
Oraindik Kako baserriaren afera gogoan, antzeko beste kasu batek hautsak harrotu ditu Zuberoan, Lapurdiko kostaldean bizi den zuberotar batek Larraineko Egargeia etxaldea erosteko asmoa azaldu duelarik.
Iaz arte azken 28 urteotan lurrak landu dituen laborariak 2,5 hektareako lur soroa eta 50 metro koadroko borda 15.000 euroan bereganatzeko eskaintza egin du. Salmenta gauzatzerakoan, ordea, ezin du legez lehentasuna izan, eremua doan utzia zuelako urte hauetan guztietan.
Alta, gorabehera handienak eragin dituena salneurria bera izan da, laborantza lurretan aspaldi izaten ari den espekulazioa agerian utzi baitu salmenta saiakerak.
Gehiegikeria ekidin
Beste eroslearen eskaintzaren (55.000 euro) eta asmoen berri izan bezain laster (bigarren etxebizitzarako eraberritzea), gehiegikeriaz jabetu zen Larraineko Herriko Etxea. Are, herriko laborantza jarduera sostengatzea bere egitekoa izaki, SAFER landa lurren eskualdaketez arduratzen den erakundera jo zuen, «lehentasunezko eskubidea» baliatu zezan.
Horrela, bada, SAFERek etxaldearen prezioa eguneratzeko azterketa egin ostean, 20.000 euroan finkatu du. Egargeiaren jabeak urtebete du hiru aukeren artean erabakitzeko: etxaldea ez saltzea, SAFERek ezarritako baldintzetan saltzea (eskaintza-deialdi irekia abiatuko litzateke orduan) edo, azkenik, Bildozeko eroslearen eskaintza onartzea. Azken bide hori hartuko balu, afera auzitegira joanen litzateke salneurria finkatzeko.
Espekulazioaren kontrako Zuberoako kolektiboak herriko etxeko zinegotzi gehienek hartutako deliberoa laudatu du eta erosle berriari «tratu ahalkegarri honetatik behin betikoz bazter dadin» eskatu dio.
Joan den udan, Larrainen bertan Athabeborda etxaldea saldu zelarik, hautetsiek ez zuten garaiz erreakzionatu, eta azkenean, 340.000 euroan saldu zen.