Legazpiko Chillida Lantoki museoa, makineria artearen zerbitzura
Legazpiko antzinako paper fabrika Eduardo Chillida donostiar eskultorea ezagutzen laguntzeko tokia bihurtu da, eskulturak amaitu arteko prozesu luzea jatorrian ikusteko aukera ematen duena. Industria lantegiaren ezaugarriak gordez, «Haizearen Orrazia» famatua sortu zuen Patricio Echeverria fabrikako makinak eta tresnak ere erakusten ditu.
Maddalen LARRINAGA | LEGAZPI
Legazpiko paper fabrika izandakoak Chillida Lantoki izen berria hartu zuen atzo. Eskultore hernaniarrak Legazpiko lantegian igarotako orduak gogorarazi nahian, lan prozesu horiek erakutsiko ditu paper fabrika zaharrak, hori izango du ogibide berria. Chillida Lekurekin batera, artistaren inguruko ibilbide bat osatzen du; batak, obrak erakustea eta besteak horien sorrerari buruzkoak azaltzea.
Oraingoz lehen solairua eta bigarreneko zatitxo bat du museoak, baina Eduardo Chillidaren seme Luisek azaldu zuenez, aurrerantzean pabilioi gehiago atxikiko dizkiote, eta guztiek Gipuzkoaren eta burdinaren arteko erlazio estua oinarri dutela, «gure ondare industriala berreskuratzea izango dute helburu».
Eraikinaren bereizgarri nagusi itxura bera da, lehengoa balitz bezala jarraitzen baitu, ezer ere bere tokitik mugitu ez balitz bezala. Esku-hartze arkitektonikoak ez die funtsean eraikinari eta makineriari eragin, eta industria lantokiaren izaera gorde dute, eskulturen eraikuntza prozesua baita museoaren protagonista. Tresnak, makinak eta jantziak agertzen dira bertan, iraganean izan zen horri omenaldia eginez. Orain, ordea, beste esanahi batzuk azaleratzen dituzte denborak jan dituen paretek eta lurrak.
Lau bat metroko altuera duen galdaketa koilara bat, forjako maneiagailu bat edo Sholemann prentsa bat daude industria nabe nagusian, eta bakoitzaren ondoan, horien erabilera eta Chillidaren eskulturen eraketa-prozesuak erakusten dituzten grabaketak. Horietako batean «Haize Orrazia» famatuaren sorkuntza erakusten da, eskultoreak langileei egitasmoaren maketa erakutsi zienetik, pieza amaitu eta garraiora arte.
Sabai altu eta leiho txikien artean, hernaniarraren argazkiak ikus daitezke, baita berari buruzko hainbat grabaketa ere. Denek lan prozesua erakutsi nahi diote ikusleari, sorkuntzaren nondik norakoak. Horretarako, Lenbur fundazioak, Luis Chillida lehendakari duela, museoa bultzatu duenak, bertako langile ohiak elkarrizketatu zituen, horien bizipenak jasoz, Chillidaren irudi errealago bat lortzeko.
Museo berri hau «proiektu zabalago baten zati da», azaldu zuen egilearen semeak, eta orain, gune gehiago hartu nahi ditu bere gain. Gainera, «Chillida Lekuren osagarri perfektua» dela nabarmendu zuen.
Legazpiko alkateak, Sotero Plazaolak, azaldu zuenez, museoa «Legazpi eta Urola Garaiko baliabide turistikoen artean dago kokatuta, gainerako herrialdeek gu ezagutzea da helburua».
Blanca Urgell Kulturako sailburuaren hitzetan, «jenio baten burura hurbiltzeko aukera» da, eta «nahiz eta partzialki izan, Eduardo Chillidaren burua zen ideia fabrika horretara eramaten gaitu» gehitu zuen. Bestetik, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak egileari berari buruzko hitzak izan zituen, «bere sustrai eta izaerarekin leial jokatu zuen» nabarmenduz, hain zuzen ere, Chillidak berak zioenez, «sustraiak bere herrian zituen zuhaitza» izanik, «adarrak mundura irekiak» zituena.
Chillida Lantoki museoa Legazpiko paper fabrika zaharrean kokatu dute, eta eskultorearen beste aurpegi bat erakustea du helburu: bere obren eraketa prozesuan jartzen zuen interesa eta gogoa.
Tokia: Legazpiko paper fabrika zaharra. Azpikoetxe kalea z/g. 20230, Legazpi.
Udako ordutegia: Astelehenetik ostiralera: 10.00 -14.00, eta 16.00 - 19.00. Larunbat eta igandeetan: 10.00 - 14.00 eta 16.00 - 19.00. Astearteetan itxita.
Sarreraren salneurria:
Tarifa orokorra: 4,00 euro
Tarifa murriztua: 3,00 euro
6 urtetik beherakoak: doan.
Informazioa eta erreserbak:
www.gipuzkoan.info/chillidalantoki
943 731 210.