Lander Garro Idazlea
Jaietan jai?
Sanferminen gaindosiaren ondoren, «beste» jaien txanda iritsi da. Badira, bai. Geure herriko jaiak (Errenteriakoak) ez dira komunikabide handietan ageri. Ez gara damu. Bakoitzak bere tamaina. Ez dugu, mikrofonoa eskutan, jendartean infiltratzen diren kazetari abenturazaleen falta igarriko. Safariko txanoa buru gainean, topikoz topiko jaiaren irudi «amablea» helarazten saiatzen diren haiek, aurpegi hori azaltzearren aurpegi zikinagoak baztertzen dituzten horiek. Ze jaiek badute hori: txinparten eta australiar turisten atzean, poliziaren jazarpena eta egur zaletasuna. Ez gaitezen, ordea, ur lokaztu horietan sartu, lehendik ere bagaude-eta nahikoa likits. Errenteriako jaiez ari nintzaizuen, madalenez. Beste herrietako jaiekin alderatuz, geure herrikoek badute berezitasunik. Esate baterako, jai egitarauan aurki daitekeen ekimen interesgarriena zurrutari gupidarik gabe ematea dela.
Hortik kanpo, ezer gutxi. Arrantza txapelketa, aguretuentzako dantzaldi kitsch samar horiek, eta ez dakit nondik ekarritako DJ horietako bat. Kanpotik ikusita, 234 biztanleko herri batentzako prestatutako egitaraua dirudi, eta, tamaina horretan ere, nahiko eskasa. Baina urteak daramatzagu Udalaren utzikeria hori pairatzen. Egitarauaren mizkinkeria lotsagarri hori apaintzearren, ordea, aurten, herriko hainbat tabernek egitaraua osatu dute, euren patrikak ederki astinduta, musika talderen bat ekartzeko, jendeak une batez behintzat kubata barra gainean utz dezan. Herriaren kontsolamendu bakarra da, erakundeen tiraniatik askatzeko, autogestio pixka bat erakustea. Jaietan ere bai.