GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kutxaz kutxa, kutsatzen

Uda osteko ziklo politikoaren ohiko normaltasunera daroan bideak urratsak egiten segitzen du uda aldean. Normaltasun hori normala balitz sikiera. Tourra bere azkenean dago; agur tourra eta tourmaleta. Agur garaipenaren arkua. Arku honen azpitik pasatzen ditu jende askok Champs Eliséesak berak, esanetan behinik behin. Lasaitu ederra hartuko zuten lehengoan Pirinioek tropela handik pasatu ostean! Txirridunlariena baino zaletuen tropela! Baliatu dezatela lasaitua, neguaren bueltan beste zale batzuek hartuko baitituzte hango bazterrak, eskia oinetan ez ezik auto gainean ere jartzen dituzten horiek hartu ere. Udako ikastaroak ere azkenekoetan dira; batzuek negu osoa ematen dute irakasten gero udan ikasteko. Tira, harira! Normaltasunerako bidean badira oraindik bete beharreko urratsak. Bidaiak, kasurako. Batzuek urte osoa ematen dute bidaia behartuan, asteroko joan-etorrian; senideak dira. Beste batzuek uda ofiziala baliatzen dute protokoloz bidaiatzeko. Horra Ajuria Eneako maizterra Idahoko Euskal Jaira joana dela, kultura, unibertsitatea eta teknologia bidaide omen. Beharbada hemengo teknologia hara eroanda facebook barik geratu dira senideek espetxean dituzten senide batzuk. Beharbada beti da seguruak duen abiapuntua. Hortaz, UEUko udako ikastaro batean software librea izan dute hizpide, edo teklakide. Hots, software librea askatu!, izan ere, barruan direnak libre dira baina ez dira aske nork bere txokoak gozatu arteino.

Eta jaietan dira hainbat herri murgilduta. Krisia ezin da falta horretan ere, jai-ereduan. Bitartean jai-barrutitik planto egiten hasiak dira han-hemenka jaiaren zutabe diren jaizale tropelak. Eta abisu argia luzatu ere jaia konstituzionalizatu nahi dutenei: jai duzue! Ezin ukatu konpartsen elkartasuna gero!, jaia pribatutik bideratu nahi dutenei beraie ere jai duzue! esatea eurek ere jaia ospatzeko deia egitea hartu behar da eta. Edo. Mezua ondo ulertu badut sikiera.

Eta kutxek udan atsedenik ez. Hor dihardute atez atekoan kutxatxoak irentsi guran, gizentze asmoz. Kutsatuko dira azkenean! gehiago kutxatu ere. Ahaztua dute gizentasuna gaitzaren pizgarria dela, eta kutsadura gaitzaren ondorio. Hala ere bada batzuetan duintasunezkoa den kutxa, hilkutxa izanda ere. Herritik gorputz atera, herrira gorpu ekarri; orain lehen bezala bizirik, arnasik hartzen ez bada ere. Agur eta ohore.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo