«Nork bere ardura betetzen ez badu, greba gehiago izango dira»
Bi urte daramatza LAB sindikatuan eskola publikoen jantokien aldeko borrokan. Antolatutako 15 mobilizazioei esker, hainbat gauza lortu dituzte, baina oraindik ez da nahikoa, ez baitira akordio batera heldu. Hitzarmena datorren ikasturtea amaitu baino lehen ixtea espero du.
Janire MENDIETA
Zerbitzu pribatuen saileko arduradun nazionalak GARAri mahai gainean zegoen proposamenean sinesten zuela aitortu dio. Negoziazioa bideratuta zegoen, baina hitzak hitzak dira. Horregatik, orain dena geldituta dago. Bere hitzetan, egungo egoeraren ardura enpresek eta Eusko Jaurlaritzak dute. Kaltetuak, ostera, langileak, umeak eta gurasoak.
2008ko ekainetik hitzarmenik gabe zaudete, eta maiatzaren 4an enpresek proposamen ekonomikoa kendu zizueten. Zein puntutan dago une honetan egoera?
Orain zero puntu batean gaude. Ez dago ezer, ez proposamenik, ez negoziazio mahairik. Saiakerak egin ditugu gauzak mugitzeko. Eusko Jaurlaritzari idatzi bat bidali genion maiatzaren 22an, gatazkan esku hartzeko dei eginez. Baina ez dugu erantzik jaso, ez baiezkorik ez ezezkorik. Enpresekin hori bera egin dugu. Eta saiakera gehiago ere bai. Lehen zuten abokatua aldatu dute, baina berriarekin ere ez dugu emaitzarik lortu.
Zein izan da Eusko Jaurlaritzaren jarrera prozesuan?
Penagarria izan da. Nahiz eta azpikontratatzen den zerbitzu bat izan, bera arduraduna da. Datorren ikasturte hasieran gatazkak bere horretan jarraituko du eta erantzukizuna berea da.
Zeozer aurreratu da?
Bi gauza nagusi lortu genituen. Lehendabizikoa, negoziazioetarako egutegi bat ezartzea. Astean birritan elkartzen ginen. Eta bigarrenik, negoziatzeko hitzarmenaren puntu erdietsi genituen. Baina maiatzean enpresek atzera egin zuten. Orain, enpresek Eusko Jaurlaritzari pasatzen diote pilota, eta Eusko Jaurlaritzak enpresei. Biak dira egoera honen arduradunak.
Zein balorazio egiten duzue ikasturteaz?
Positiboa. Kolektiboak argi du borroka eta jarraipena. Gatazka zilegi dela uste du, baita zerbitzuaren hobekuntza, langile, ume zein gurasoentzat. Gainera, jendearen jarrera oso aktiboa izan da mobilizazioetan.
Eta datorren ikasturterako zer espero duzue?
Proposamena altxatu zenetik, Eusko Jaurlaritzarekin kontaktuan jarri nahi izan dugu, eta mahaia berreskuratu. Oraingoz ez dugu erantzunik jaso. Beraz, mobilizazioetara joko dugu. Horrela hasiko dugu datorren ikasturtea.
Gurasoek positiboki hartu dituzte mobilizazioak?
Bai, oso ondo. Askotan parte hartu izan dute, bai ekintzetan, baita mobilizazioetan ere. Aldarrikatzen ditugun gauza asko ez dira langileentzat bakarrik, gurasoei ere eragiten die.
Zeintzuk dira langileen eskaerak une honetan?
18 orduen erredakzioa, formazioa, lan egutegia zehaztea, soldata igoera eta atzerapenen ordainketa eta antzinatasuna, besteak beste.
Formazioan bazegoen konpromiso bat.
Bai, sei ordukoa. Gure aldarrikapena zen askotan eman diren ikastaroak ardo-dastatze ikastaroak izan direla. Guk formazio zuzenago bat behar zela ikusten genuen, bulling-aren edo alergikoen inguruan. Hori ere hor dago, ez dakigu formazio hori izango dugun ala ez.
Zein paper izan du Euskal Herriko Gurasoen Elkarteak?
EHIGEk, momentu batean publikoki atera zen bezala, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin akordio bat lortu zuela esan zuen. Izan ere, menuaren igoeraren truke zerbitzu hobekuntza emango zen. Baina mesedez, konpromisoa hartu duten pertsonek esan dezatela zein den konpromisoa eta zein terminotan. Guretzat garrantzia du orain, uztailean, mahaia berreskuratzeak eta horretaz hitz egin ahal izatea. Ez daukagu ezer. Langileak irailean hasten dira, eta ez dakite nola. Dakigun bakarra menuak igo direla da. Eusko Jaurlaritzak enpresei 25 euro ordaintzen die langile orduko, enpresek langileari 13 euro. Mozkin hori are handiagoa izango al da? Lortu nahi dugun kalitate hori, ez dugu horrela lortuko. Bada garaia denok, gurasoek, Eusko Jaurlaritzak, enpresek, baita sindikatuok ere, arazo honi amaiera emateko.