Queheille: «Pastoralean Attuliren espiritua islatzen entseatu niz»
Patrick Queheillek idatzi du «Xahakoa» pastorala. Joanes Etxebarria kazetari eta bertsolariarekin batera, Baionara hurbildu zaigu gaur Barkoxen emanen duten pastoralaren barrenak azaltzeko. Alexis Etchekopar «Attuli»-ren espiritua eta bizimodua islatzen entseatu da Queheille.
Maite UBIRIA-KAZETA.INFO | BARKOXE
Etxahun elkarteak, aurtengo pastoralaren prestaketa lanez arduratzeaz gain, egitarau zabala prestatu du: hitzaldiak, erakusketak, eta agorrilaren hondarrean, Bortukariak elkartearekin batera egin nahi duten mugalari barkoxtarren ibilbidea.
Halaber, Alexis Etchekopar Attuli idazle eta koblakariak Xiberoako kulturarekiko zuen pasioa berreskuratu nahian, XXI. mendeko tresnez baliaturik, www.xahakoa.org izena duen komunikazio tresna berria ezarri dute Interneten. Barkoxtarrek aitzinetik aipatu mintzaldi eta ekitaldien berri emateaz gain, pastoral eta maskaradez, eta oro har Xiberoako kulturaz, argibideak ematen dituzte.
Pastoralerako sarrerak ere webgunean salgai jarri dituzte. Iparraldean ezarritako salmenta guneetara joan ahal ez duenarentzako, tresna baliagarria eskaintzea izan dute xede antolatzaileek. Lehen emanaldirako, 600 sarrera inguru salduak zituzten aste honen hastapenean.
Ikusleentzako 2.200 leku baizik ez direnez, aurtengo pastorala hiru aldiz emanen dute. Bi emanaldi egunez eginen dituzte -uztailaren 25ean eta abuztuaren 8an- eta beste bat arratsean -uztailaren 31n-.
Igandeko emanaldiaren inguruko zehaztasunen berri eman dute prentsa aitzinean. 10.00etan meza izanen da, pastoraleko arizaleekin. 11.00etan karrika ingurua eginen da. 13.00etan, Xiberoako ikastolek prestaturiko apairuarekin sabela bete eta indarberritu ostean, 15.30ean pastoralaren agerraldia izanen da.
Patrick Queheille Kampok azaldu duenez, historia hurbileko pasarte bat ardatz harturik, pastoralean izandako berrikuntzak ohoretan ezartzen ahalegindu da. Hartara, Attuliren bizitzaren bidez, oraino barkoxtarren memorian bizirik diren gertakariak berreskuratu ditu. «Xahakoa»-ko 114 jokalariek hautu hori baikorki hartu dutela goraipatu du.
Gerraosteko euskal kultura aberatsa islatu nahi izan du idazleak, eta garai hartan pastoralean izandako aldaketei balioa eman nahi izan die. Une azkar bi nabarmentzen ditu «Xahakoa»-ren egileak: 1946ko maskaradak, non emazteek beitzutuen emazte karguak jokatu zituzten, eta 1953an Etxahun-Irurik bultzaturik pastoralak bizitu zuen aldaketa handia: lehen aldiz euskal pertsonaiak agertzen dira, gai ez kristaua jokatuz.
Finean, euskaraz zein frantsesez maisutasun handiz idazten zuen Attuli poeta balorea ezarri nahi izan duela aitortzen du Queheillek. Gutxi gorabehera idazle eta laborari barkoxtarrak eginiko 33 kopla bildu ditu, eta horietarik batzuk gaur Barkoxen entzunen dira.
Errejenta papera Jean-Fabien Lechardoy-ek hartuko du. Swing edota saltsa dantzatzen dute jokalariek, eta erritmo horiek ezagutzeko Catherine Arzanuthurry-ren laguntza izan dute. Sophie Larranburuk hartu du koroen ardura. Nicole Erbinartegaray-ren gomendioak segituz, Barkoxeko 39 jostunek sortu dituzte jokalarien arropak.
Pastoralaren hiru emanaldietan argazki erakusketa ere izanen da. XX. mende hasieratik 70eko hamarkadara arteko Barkoxeko bizi kulturalaren memento azkar zenbait ageri dira bertan.
II. Mundu Gerrako gertakariak ere biziarazten du «Xahakoa» pastorala: Gurseko kontzentrazio esparrua, mugalariak, alemanen okupazioa, miliziak herriko gazte baten bahitzea eta libratzearen boztarioa.