Ondarroa eta Mendexako udal gestorek hiru urte egin dituzte «iruzurra justifikatzen»
Hiru urte igaro dira herritarrek hauteskundeetan hartutako erabakia errespetatu ez eta Ondarroan eta Mendexan udal gestorak eratu zirenetik. Atzo, «inposizioa» salatzeko mendi martxa egin zuten.
Zuriñe ETXEBERRIA | ONDARROA
Hiru urte igaro dira Mendexan eta Ondarroan herritarren borondateari muzin egin eta udal gestorak eraiki zirenetik. Horren karietara, atzo, herritarrek, hauteskundeetan hartutako erabakia errespeta dadin exijitzeko, Mendexa eta Ondarroa artean mendi martxa egin zuten, eta ia 200 lagunek hartu zuten parte.
2007ko maiatzaren 27ko udal hauteskundeen ostean, herritarrek bozkatutakoari muzin egin eta Ondarroako eta Mendexako udal gestorak eratu ziren. Bizkaiko bi herri horietan EAE-ANVk eskuratu zuen gehiengo osoa, baina legedia espainolak legez kanpo utzi zituen talde abertzalearen zerrendak. Hori ikusita, gainerako alderdietako ordezkari gehienek ez zituzten beren karguak hartu, baina EAJk ezker abertzalea baztertu eta udalak kudeatzeko gestorak sortzea erabaki zuen.
Martxa Ondarroara heldu eta ekitaldi politikoa eta manifestazioa egin zuten eta 300 bat lagunek hartu zuten parte. Udal gestorak azken hiru urteetan egin dutenaren balorazioa egin zuten atzo.
«Iruzurra justifikatzen»
Unai Urruzuno Ondarroako EAE-ANVko zerrendaburuak GARAri azaldu zionez, balorazio horren muina honakoa da: «Hiru urte hauetan, udal gestorak beren iruzurra justifikatzen ahalegindu dira».
«Bai Ondarroan, bai Mendexan, obra ikusgarriak bideratu dituzte eta beren kudeaketa guztia obretan oinarritu dute», eta hori guztia, Ondarroako EAE-ANVko zerrendaburuaren ustez, «bere garaian egindako iruzurra zuritu ahal izateko» egin dute.
«Momentu honetan, jarduera horri jarraipena eman ezinda dabiltza, batez ere, Gasteizen boterea galdu zutenetik -EAJk-, nolabait esateko, dirurik gabe gelditu ziren. Orain kredituak eskatzen hasiak dira» eta, Urruzunoren ustetan, «ez dute inongo arazorik bi udaletxeak zorretan itota uzteko, beren iruzurra justifikatu ahal izateko».
«Urrun dauden gobernuak»
Bestalde, igaro diren hiru urte hauei begiratu bat emanez gero, Unai Urruzunoren iritziz, agerian geratu da «herritarrengandik oso urrun dauden gobernuak direla».
«Udalbatzak Bilbon egiten dituzte, zenbait kasutan herriko taldeak Bizkaiko Aldundira edota Sabin Etxera joan behar izan dute, Udalarekin harreman natural bat ezinezkoa delako herri honetan». Adibide horiek herritarrenganako hurbiltasun ezaren isla direla adierazi du Urruzunok.
Udal gestorak inposatuak izateaz gain, beren interesa «Bizkaiko bi herriotatik at» dagoela eta beren «kudeaketa interes propioetan» oinarritu dutela salatu nahi izan zuten atzoko ekimenarekin.
Hala ere, baikor agertu ziren antolatzaileak: «Aurrerantzean Euskal Herrira aldaketa garaia etorriko den bezala, Ondarroa eta Mendexara ere helduko da». Horretarako, EAE-ANVko zerrendaburuak azaldu zuenez, lan egin beharra dago, datorren hauteskundetan aldaketa eman dadin eta ezker abertzalea hor egon dadin.
Unai Urruzuno Ondarroako EAE-ANVko zerrendaburua izandakoaren hitzetan, datorren hauteskundeei begira, «lan egin beharra dago», aldaketa eman eta ezker abertzalea Ondarroan zein Mendexan «subjektu aktibo» izan dadin.