HerriartekoTxapelketako finala
Ia soinean zuen txapela ostu zion Markinak Amurriori
Kadeteetako partida galdu ostean, bizkaitarrak 8-16 galduz joan ziren gazteen eta nagusien lehietan.
Jon ORMAZABAL
Amurriok ia jantzita zuen Hego Euskal Herriko Herriarteko txapela eskuratu zuen atzo Markinak Zaldibarko Olazar pilotalekuan jokatutako emozio handiko final handian. Arabarrek kadeteetako partida erraz samar irabazi ostean, aiararrek esku-eskura izan zuten beharrezkoa zuten bigarren garaipena, bai gazteen mailan, bai nagusien mailan, bi partidetan 8-16 joan ziren aurretik markagailuan, baina azken txanpan markagailua irauli eta bizkaitarrek eraman zuten garaipena.
Herrialde bakoitzeko finaletan egon ez zen berdintasuna egon zen atzoko final nagusian. Lehia estua espero zen, baina inork gutxik espero zuen indarrak horren parean egongo zirenik. Lehen partida, kadeteena, izan zen gorabehera handirik gabe erabaki zen bakarra. Goikolea-Murga amurrioarrek 0-9eko partzial batekin hasi zuten Albisu-Pujanaren aurkako partida eta erraz nagusitu ziren 10-22ko emaitzaz.
Lehia bikaina
Aspaldiko afizionatu mailako partidarik onenetako bat eskaini zuten gero Arrieta-Aretxabaleta markinarrek eta Dorronsoro-Elejalde amurrioarrek. Arabarren aurrelaria bikain aritu zen partidaren lehen erdian eta 8-16 jarri ziren aurretik markagailuan. Hori, ordea, inflexio puntu bat izan zen, Aretxabaletak atzealdeko ekimena hartu eta lehia irauli baitzuen, 20-16. Arabarrak ez zeuden amore emateko prest eta beste buelta bat eman zioten emaitzari (20-21). Azken berdinketaren ostean, Dorronsororen gantxo batek txapa jo zuen eta Markinak esperantzari eutsi zion.
Azken partida erabakiorra suertatu zen eta amurrioarrek harri berean estropezu egin zuten. Gerrero-Cueva ere 8-16 jarri ziren aurretik markagailuan, baina garaipenak esku artetik ihes egin zien. Urionabarrenetxea-Castillok 22-18 irabazi zuten, aurrelariaren lan bikainari esker.
Askorentzat, aspaldiko afizionatu mailako partidarik onena izan zen atzo Arrieta-Aretxabaleta eta Dorronsoro-Elejalde bikoek jokatutakoa, emozioa eta joko ona izan baitzituen.
Guerrero-Cueva bikoteari ere eskuetatik ihes egin zion taldeak behar zuen garaipena. 8-16 aurretik jarri ziren arren, Urionabarrenetxea-Castillo nagusitu ziren azkenean.