GARA > Idatzia > Euskal Herria

Pasaiak bere etorkizuna hautatzeko eskubidea duela aldarrikatu dute

Pasaiako hamar eragile bildu ziren atzo Trintxerpeko portuan herriko hirigintza-lanen inguruko erabakiak herritarren esku utz ditzaten eskatzeko. Eragileek Pasaiako Ituna sinatzearekin batera, Aldundiak Udalari erabakitzeko eskubide guztia kendu diola salatu zuten. Horrez gain, II. Badia Eguna ospatu zuten atzo Herrerako bizilagunek eta Hiria kolektiboak, pasaitarrek auzoko espazioak nahi dutenerako erabiltzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko.

p025_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Hamar eragile politiko, sindikal eta sozialek Pasaiako Ituna sinatu dute. Herriaren etorkizuna pasaitarren esku egon dadin eskatu nahi dute ekimen horrekin. Pasaiako Itunaren sinatzaileen ustez, hainbat erakunde «Pasaia, pasaitarrak eta Udala herriaren etorkizunaren eraikuntzatik kanpo» uzten ari dira.

Botere instituzionala neurri gabe erabiltzen ari dira, pasaitarrei herria nola antolatu nahi duten erabakitzeko ahalmena kentzearren. Alde batetik, Aldundiak udalerriko hirigintza alorra zehazteko duen eskumena kendu nahi dio Udalari, herritarrek erabakitzeko eskubiderik izan ez dezaten.

Beste alde batetik, Lakuako Gobernua ere erabili dute lan horretan, Aldundiaren eskumena sostengatzeko legeak sor ditzan. Azkenik, Portu Agintaritzak ez dagokion gehiegizko ahalmena du egun Pasaiako lurraldea antolatzeko. Horrez gain, eragile sozial, politiko eta sindikalen ustez, Gipuzkoa Aurrera bezalako erakundeak herritarrek bozkatuta aukeratutako pertsonei agintea kentzeko sortu dituzte. Era horretan, pasaitarren ahotsa isilarazi nahi dute, sinatzaileen esanetan.

Egoera horri aurre egiteko, Pasaiaren etorkizuna erabakitzeko aintzat hartzen ez dituztelako, Pasaiako Ituna sinatu dute honakoek: Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea, ELA, LAB, Laurak Bat elkartea, Trintxerpe XXI plataforma, la Herrera Herrira herri batzordea, Jaizkibel Bizirik plataforma, Termikarik Ez plataforma eta Itsastarrak mendi taldea. Irailetik aurrera, etxez etxe ibiliko dira atzo sinatutako Ituna pasaitarren artean ezagutarazteko eta eragile gehiago atxikitzeko.

Itun honen bidez, herriaren inguruan erabakitzeko eskumena pasaitarrei itzul diezaieten espero dute, Pasaiak bertan erabaki behar duelako bere etorkizuna, inolako bazterketarik onartu gabe. Kanpotik etorritako ideia eta proposamenak kontuan hartzeko prest badaude ere, bestelako erakundeen esku-hartzea ez dute onartuko, herritarrek azken hitza izan dezaten.

Ekimena abiarazi duten hamar eragileek onartzen dute Udala herritarren ordezkaria dela eta bere esku dagoela erabaki estrategikoak hartzea. Era berean, Udalak pasaitarrei proiektuen berri eman behar diela adierazi dute, horiek aztertu, eta eztabaidatu ondotik erabakiak hartu ahal izateko.

Esaterako, Kanpo Portua eraikitzea ala proiektua baztertzea herritarrek erabaki beharko luketela adierazi dute eragileek, orain arte ez dituztelako kontuan hartu. Superportuaren helburuetako bat ekonomia sustatzea eta atzerriko herrialdeekin merkataritza harremanak hobetzea da, baina horretarako ingurunea suntsituko luke egungo proiektuak. Eragileek portuaren eta herriaren arteko bizikidetza sustatzeko plangintza bat egiteko konpromisoa hartu dute Itunaren bidez, arlo sozioekonomikoan onurak lortzeko. Proposamen horiek Plan Berezia izeneko dokumentu batean bilduko dituzte eta aurrera eramateko ezinbestekoa izango da Udalak onartzea.

Herreraren biziberritzea

Kanpo portuaren eraikuntza ez bezala, hamar eragileen iritziz, Herrera auzoaren biziberritzea atzeraezina da, eta arlo horretan Udalak irekitako parte-hartze prozesua bultzatuko dutela diote. Trintxerpeko auzo hau XX. mendean arrantza jarduerak izan zuen gorakadaren ondorioz sortu ziren industria-eraikinez beteta dago; egun, ordea, ez dute erabilerarik eta Udalak ingurune horri irudi berri bat ematea erabaki du. Itxitako lantegiek okupatzen duten tokia ekipamendu, sistema orokor eta ekintza ekonomikoetarako egokitzeko plangintza bat egin du Udalak.

Iazko apirilean hasi ziren industria pabilioiak botatzen, baina oraindik ika-mika dago ingurune horrekin egingo dutenaren inguruan. Pasaiako Ituna sinatu duten eragileen esanetan, ez dute aurre baldintzarik onartuko operazioa garatuko den lur-eremuaren inguruan, ez bere zatiketan, ezta bere balioaren inguruan ere; plana bere horretan mantentzea defendatuko dute.

Bestalde, Herrerako bizilagunen elkarteak eta Hiria kolektiboak badian zehar martxa egin zuten atzo II. Badia Egunean. Herrerako espazioa pasaitarrek nahi dutenerako erabili behar dela aldarrikatzea zen ekimenaren helburua.

Hamar eragile

Pasaiako Ituna sinatu dute hamar eragile sozial, politiko eta sindikalek, pasaitarrek herrian egiten denaren inguruan erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo