Izarretan zeharreko txangoa
Goio Uriarte | jazz zalea
Gogotsu sartu ginen ostiral arratsaldeko Victoria Eugeniako kontzertura. Izan ere, Wadada Leo Smith’s Golden Quartet taldearen inguruan irakurritako guztia oso ona zen. Arraroa bada ere, talde honen musikarik entzun gabe gindoazen, aurreiritziz garbi eta itxaropentsu. Argiak itzali eta 30 minutu luze iraun zuen lehenengo pieza gozatzen geundela, burura irudi ezberdinak etorri zitzaizkigun. Lehena, Carl Sagan fisikariak egindako Cosmos dokumentala, non musika jazzarekin zerikusia ez duten musikari handiek, besteak beste, Shostakovich, Hovhaness, Buchanan, Stravinsky eta, nola ez, Vangelisek jarri zuten. Musika klasiko garaikidea, iragandako new age-a, musika ezberdinen lehena eta geroa. Miles Davis elektrikoaren irudia ere gogora etorri zitzaidan, ez bakarrik Wadadaren oholtza gaineko jarrera barnerakoia ilunpeetako printzearen antzekoa izan zelako, eskainitako musikan ere, besteak beste, “In a Silent Way” eta “Bitches Brew” diskoen itzala nabarmena egin zitzaigulako. Jazz musikaren iragan hurbila eta etorkizuna uztartzen zituen. Saioa amaitu bitartean bizitakoa azaltzeko zer idatzi pentsatzen geundela, etorkizunean girotutako fikziozko “Star Trek” telesai zaharrarekin ere gogoratu ginen. Zahar-berri binomioa berriz. Wawada Leo Smith-ek, Kirk kapitainaren antzera, Victoria Eugenia Enterprise espazio-ontzia, esku sendo baina leunez zuzendu zuen. Taldeak eskainitako musika unibertsoaren ñabardurez asko gozatu genuen: airean irudikatu zituzten paisaietan zehar txangoa egin genuen, taldeak aurretik zer egingo zuen jakin gabe, eta ezin uka, pasarte batzuetan ez zela ibilbide erraza izan. Hala ere, kapitainak lema maisuki eraman zuen eta, horrela, txangoan, atmosfera ezberdinez, sentsazio koloretsu, enigmatiko eta freskagarriaz gozatzeko parada eman zigun. Wadadaren tronpeta apartaren zuzendaritzapean, bidaia honetako tripulazioa Vijay Iyer pianista (Spock: logikoa eta dotorea), John Lindberg baxu-jotzailea (McCoy Doktorea: emoziozko giza-taupadak), Pheeroan akLaff bateria-jotzailea (Pavel Chekov, makiletan potentzia behar zenean, gogor) osatu zuten. Bertaratutako gehienak amaitzerakoan galdera bat genuen buruan: bidaia errepikatzeko aukerarik bai?
Trinitate plazako saio bikoitzean hari zuzena baxua izan zen, lehenengo saioan Dave Hollandek, jazz garaikidearen mugarrietako bat den baxu-jotzaile handiak, jazzaren eta flamenkoaren arteko soinu-nahasteak proposatu zizkigun, Pepe Habichuela eta taldea bidelagun.
Baxuen gauean, gitarra eta pianoa nagusi Jazzaldian egonagatik, Hollandek pisua eramango zuela uste zuenak, segituan ikusi zuen, Hollandek saioa zuzendu bazuen ere, musika jotzeko garaian, rolak aldatuta, distira Habichuelak jarri zuela. Ez da harritzekoa flamenkoaz dakitenentzako, Habichuela flamenko gitarrista handienetakoa baita. Itzalpeko lidergo honetan Habichuelak talde flamenko egoki baten laguntza izan zuen, baina, une batzuetan, Holland oztopo izan zela iruditzen zait. Hiru urte daramatza Hollandek flamenkoaren eta jazzaren arteko zubiak eraikitzen eta, musika ibilbide berriak egiten saiatzean bere handitasuna azaltzen badu ere, Donostian egindako lana ez da bere curriculumeko une gorenetakoa izango. Hala ere, saioa itxurosoa izan zen eta horregatik Trinitate plaza betetzen zuten ikusleek bero erantzun zioten proposamenari, gaueko ondorengo saioan zer ikusiko zain. Jarraian, gaueko bigarren saioa hasi zen, Stanley Clarke baxu-elektriko jotzaile handienetakoaren taldea taularatu zenean. Hiromi pianista japoniarra lagun zutela, lehengo pieza jotzeari ekin zioten eta gaueko lehen sorpresa atsegina izan genuen, Clarke-k ezohikoa duen kontrabaxua hartu, eta bere taldearekin sendo eta gogotsu saioa zuzentzeari ekin zionean. Hiromi pianista parte hartu zuen momentutik nabarmendu zen. Esku bakoitzean hamaika hatz zituen Oscar Peterson piano-jotzailearen oinordekoa dugu japoniarra. Gurean egin dituen emanaldietan pianista fina dela agerian utzi du beti eta oholtzan agertzen duen alaitasun eta berezkotasunagatik, hezur-haragizkoa baino, marrazki bizidunetako pertsonaia dirudi. Saio gogoangarria izan behar zuen, momentu zoragarria. Tamalez, azken urteetan, Trinitate plazan ohiko bilakatzen ari den soinu arazoak izan genituen, tarteka musika tresna ezberdinen soinua galtzen zelarik. Bakar-saioetan ere gertatzeraino, jasanezina! Eta ikusgarria, arranditsua izan zitekeen kontzertu ederra, urteak pasata, gehienak gogoratuko ez dugun kontzertu bilakatu zen.